Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek jardunaldi bereziak jokatuko dituzte asteburuan

2026/03/13
Zaisa Txingudik Iruña jasoko du Plaiaundin, etxean, bihar 16:00etan. Biok Txingudik berriz, Hendaian jokatuko du lehen aldiz, bertan ospatuko den Nesken Errugbi jardunaldiaren barrenean. Hauek Uni Bilboren kontrako partidua izanen dute, bihar ere, baina 15:30ean.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek jardunaldi bereziak jokatuko dituzte asteburuan
Txingudi RC
Txingudi Rugby Klubak asteburu berezia izanen du oraingo honetan, neurketa erabakigarriak jokatuko dituztelako senior mailako bi taldeek eta, emakumeek gainera, eszenatoki berezi batean eginen dute hori, lehen aldiz jokatuko dutelako Hendaiako Ondarraitz zelaian. Bertan ospatuko dute bihar, martxoaren 14an, Nesken Errugbi Eguna eta prest duten egitarauaren barrenean, Biok Txingudik Uni Bilboren kontrako Euskal Ligako jardunaldia jokatuko dute, 15:30ean. Bilbotarrak play-offera sailkatzeko borrokan dabiltza eta aurkari gogorra izanen da bidasotarrentzat. Hendaiatik hurbil, Plaiaundin, Zaisa Txingudik ere igoera fasea jokatzeko borrokan, aurkari zuzen baten bisita izanen du, Iruña hain zuzen ere. Igoeraren helburua anitz zaildu zaio mugako taldeari, baina denboraldiko azken txanpa honetan joko ona erakusten eta garaipenak ere lortzen saiatuko da. Partidua bihar izanen da, 16:00etan. Harrobiko taldeek hitzordu gogorrak izanen dituzte 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak denboraldiko partidurik zailenetakoa jokatuko du asteburuan, etxetik urrun. Bihar, 12:30ean, Mungiako Atxurizubi zelaian Uribealdearen kontra lehiatuko da. Bizkaitarrak sailkapeneko bigarren postuan daude kokatuak eta mugakoek aldiz, ezinbertzekoa dute emaitza ona lortzea, Euskadiko Txapelketarako kanporaketara sailkatzeko aukerak edukitzeko. 14 urtez azpiko taldeak azkenik, igandean jokatuko du Gipuzkoako Ligako bigarren faseko lehen kanporaketa. Berara Beraren kontra arituko da, Donostian, 11:00etan. Garaipena lortuz gero, Hernaniren kontra jokatuko lukete txapelketaren finalerdia. Porrot eginez gero berriz, Rioja edo La Unica izanen lituzkete aurkari.