Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek porrot egin zuten asteburuan

2025/11/12
Zaisa Txingudik senior mailako gizonezkoek denboraldiko lehen porrota jaso zuten Zornotzako Urgozo taldearen kontra (31-12). Biok Txingudi senior mailako emakumeek berriz, puntuak batu gabe segitzen dute eta Hernanin ere galdu zuten, partidu zail baten ondotik (40-7).
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek porrot egin zuten asteburuan
Xabi Sanchez

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek porrot egin zuten pasa den asteburuan, etxetik kanpo. Zaisa Txingudiko gizonezkoek 31-12 galdu zuten Zornotzako Urgozo taldearen kontra. Denboraldiko lehen porrota da taldearentzat eta, gogorra bada ere, berriro dinamika onean sartzea izanen dute hurrengo helburua. Biok Txingudiko emakumeek berriz, garaipenik batu gabe segitzen dute. Asteburuan, Hernanin, 40-7 galdu zuten, neurketa zail bat jokatu ondotik. 

Zaisa Txingudik ez zuen behar bezala hasi asteburuko partidua, hasi eta berehala Iñigo Camarero entrenatzailea kanporatu baitzuten. Harmailetatik ikusi behar izan zuen neurketa, epaileari zigor kolpe bat erreklamatu ondoren. Epaileak zorrotz jokatu zuen prestatzailearekin eta ondotik ere, bere erabakiek eragin handia izan zuten partiduan zehar. Horrez gain, Urgozok ere segidan lortu zuen lehen abantaila, bi entsegu eta eraldaketa bat lortuz (12-0). Bidasotarrek norabidea aldatzeko saiakerak egin zituzten, baina etxekoek hirugarren entsegua egin zuten, 17-0ekoa ezartzeko. Mugakoek indarrez segitu zuten lanean eta, atsedenaldira bidean, aldeak murriztu ahal izan zituzten, Joao Costak egindako entsegu batekin, “Lutxo” Echevarriak eraldatu zuena (17-7). 

Bigarren zatian, hobeki zelairatu ziren beltz eta txuriak, baina bizkaitarrek berriz ere abantaila handitu zuten, laugarren marka eta eraldaketa batekin, markagailua 24-7koan ezarriz. Defentsan gogor aritu behar izan zuen Zaisa Txingudik aurkariak erasoak gelditzeko eta hortan ari zirela, bertze erabaki gogor bat hartu zuen epaileak, mugakoen kontrakoa izan zena. 66. minutuan, Zornotzako taldeak baloia zuela, Aritz Rodriguezez etxeko jokalari bat kolpatu zuen bizkarrean hankarekin. Epaileak kolpea nahita emanda zela erabaki zuen eta txartel gorria atera zion Rodriguezi, azken hamabost minutuak hamalau jokalarirekin jokatzera behartuta. Hori ongi aprobetxatu zuen Urgozok eta bere bostgarren entsegua lortu zuen, 31-7koa jartzeko. Dena erabakita bazegoen ere, amore eman gabe segitu zuen talde bidasotarrak eta Ekain Hiribarrenek 31-12koa lortu zuen azken jokaldian, markagailua behin-betiko horrela utziz. 

Porrot gogorra izan zen talderentzat, norgehiagoka gauzatu zen moduagatik batez ere. Hala ere, hausnartzeko tartea hartuko du orain Zaisa Txingudik, heldu den asteburuan ez baitu jardunaldirik jokatuko, nahiz eta lanean segituko duten berriz ere dinamika onera bueltatzeko asmoarekin. 

Biok Txingudik ez zuen punturik batu Hernanin

Biok Txingudik ere ez zuen zorterik izan Hernaniren kontra jokatutako partiduan. Bidasotarrek 40-7 galdu zuten ongi ezagutzen duten taldearen kontra. Mugakoak hiru laurdenean azkartasuna erakutsi zuten partiduaren hasieran eta markagailua irekitzeko puntuan izan ziren, nahiz eta Lur Gastonen entsegurako saiakerak ez zuen irtenbiderik harrapatu. Horrez gain, Hernaniko aurrelariak gelditzeko egin beharreko esfortzuak ondorioak izan zituen eta hamargarren minututik aitzinera, etxekoak puntuak batzen hasi ziren. Bost minututan, hiru entsegu egin zituen Hernanik eta 15-0ekoa ezarri zuten markagailuan. Hori guti balitz, atsedenaldira bidean, bertze bi entsegu eginda, 25-0ekoa lortu zuten etxekoek. Biok Txingudik ez zuen ia baloiaren jabetza izan eta horrek asko zigortu zuen taldea. Horrez gain, epailea erabakigarria izan zen, mugakoen jokoa behin eta berriz gelditu baitzuen. 

Bigarren zatian, emaitza iraultzen saiatu zen talde bisitaria, eta ahalik eta defentsa gogorrena zelairatu zuten. Hala ere, Hernanik indarra sobran zuen eta abantaila handitzen segitu zuten, 40-0ekoa ezarriz. Neurketa erabakita bazegoen ere, azken minutuetan, Leire Muñoz Caok defentsa gainditzea lortu zuen eta Biok Txingudiren markagailua ireki zuen entsegu eta eraldaketa batekin, ohorezko zazpi puntuak emanez taldeari. Azkenean, 40-7koarekin bukatu zen neurketa, bertze porrot gogor bat izan dena taldearentzat. Hala ere, hau ahantzi eta segidan heldu den asteburuko partiduari begira jarri da taldea. Larunbatean, azaroaren 15ean, Gipuzkoa Sortzen taldea bisitatuko baitute mugakoek Donostian (15:00). 

Talde gazteenek Plaiaundin jokatu zuten asteburuan

14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek etxean, Plaiaundin, jokatu zuten pasa den larunbatean. Gazteenek Ordizia izan zuten aurkari eta partidu gogorra aurreikusten zen. Eguraldiak ere ez zuen lagundu, zelai lokaztua baitzegoen euriaren ondorioz. Hala ere, etxekoek motibazioz egin zioten aurre partiduaren eta nagusitasuna erakutsi zuten minutu guztietan, garaipena garrantzitsua ere lortuz. 

16 urtez azpikoak aritu ziren ondotik. Hauek Gernikaren kontra jokatu zuten eta indartsu zelairatu ziren, lehen hogei minutuetan 35 puntuko aldea lortuz. Gernika aldea murrizteko gai izan bazen ere, etxekoek lanean segitu zuten eta 90-5eko markagailuarekin garaipena eskuratzea lortu zuten. Honekin, eta Hernanik Uni Bilbo irabazita ere, mugako taldeak Euskadiko lehen mailako txapelketa jokatzeko sailkapena lortu du. 

Azkenik, 18 urtez azpko taldeak ere Gernika izan zuen aurkari larunbatean. Bizkaitarrak kalitate handiko taldea direla erakutsi zuten Plaiaundin eta hasieratik nagusitzen hasi ziren. Hala ere, etxekoak ez ziren kikildu eta lehiakor azaldu ziren, nahiz eta euriak eta lokatzak ez zien mesederik egin. Baloi galera anitz izan zituen mugako taldeak eta bisitariek egoera aprobetxatu zuten, 10-43ko emaitzarekin irabazteko.