Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek porrot egin zuten asteburuan

2025/12/02
Zaisa Txingudi gizonezkoen taldeak 59-26ko markagailuarekin galdu zuen Iruñaren kontra. Biok Txingudi emakumeen taldeak berriz, 63-3ko emaitzarekin porrot egin zen Getxon, Loratzen taldearen kontra. Bi taldeek ere ez dute behar bezala hasi denboraldia eta dinamika txarrari buelta ematea kostatzen ari zaie. Hurrengo asteburuan atsedenaldia izanen dute guztiek eta hori ongi baliatuko dute urte bukaerari indarrez ekiteko.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek porrot egin zuten asteburuan
Thalia Cuellar

Zaisa Txingudi senior mailako gizonen taldeak 59-26ko markagailuarekin galdu zuen Iruñaren kontra. Igoera postuetatik hurbil mantentzeko garaipena eskuratu behar zuen Irungo taldeak, baina ezin izan zuen deus ere egin hori lortzeko, eta iruindarrek aurre hartu diote, horrela, sailkapenean. Hasi eta berehala jarri zitzaien mugakoei maldan gora partidua. Etxekoek lau entsegu eta hiru eraldaketa egin zituzten eta dagoeneko 26-0eko markagailu zabala ezarri zuten euren alde. Hogeita hamargarren minutuan erantzun zuen talde bisitariak, Aitor Asurmendiren entseguarekin eta 26-5eko emaitza jarri zuten. Hala ere, atsedenaldira bidean, nafarrek aldea oraindik gehiago handitu zuten eta bertze hiru markekin eta bi ostikadekin, 45-5 jarri zuten emaitzan. 

Bigarren zatian, Txingudik egoera iraultzeko nahia erakutsi zuen, eta hirugarren minutuan Asurmendik bere bigarren entsegua egin zuen, 45-10eko ezartzeko. Etxekoek ez zuten amore eman ordea, eta lau minutu beranduago, abantaila berriz ere handitu zuten entsegu eraldatu batekin (52-10). Honen ondotik, bi taldeen arteko indarra berdindu zen eta punturik batu gabe aritu ziren hurrengo minutuetan. Hala ere, 65. minutuan, iruindarrek euren azken entsegu eraldatu egin zuten 59-10ekoa jarriz markagailuan. Neurketaren azken minutuetan, Zaisa Txingudi gora joan zen eta Jon Sanchezek bere lehenengo entsegua egin zuen. “Lutxo” Echeverriaren bertze bat gehitu zitzaion honi eta azken honek bi eraldaketa gauzatuta, 59-24ko behin-betiko emaitza gelditu zen markagailuan. 

Honen ondotik, Zaisa Txingudi sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da, 11 punturekin. Asteburu honetan atsedenaldia izanen du eta ondotik, abenduaren 14koan, Gaztedi RT jasoko du Plaiaundin. 

Biok Txingudik ez zuen garaipena eskuratzeko aukerarik eduki Getxon

Biok Txingudi emakumeen taldeak ere porrot egin zuen asteburuan Getxon, Loratzen taldearen kontra. 63-3ko markagailuarekin galdu zuen eta dinamika txarrari buelta ezin emanda gelditu ziren. Lehen minutuetan bizkaitarrek alde nabarmena lortu zuten dagoeneko, bortz entsegu eta eraldaketa bat lortuz (27-0). Hortik aitzinera, defentsan hobeki aritu zen mugako taldea, nahiz eta atsedenaldira bidean, 34-0ekoa ezarri zuten etxekoek, bertze entsegu eraldatu batekin. 

Bigarren zatia parekatuago egon zen, baina Loratzen indartsuago azaldu zen berriz ere, segidan zazpigarren marka lortuz (39-0). Lau minutu beranduago ordea, Alba Saizek aldea murriztea lortu zuen zigor kolpe baten bidez, eta lehen marka egin zuen bere taldearentzat, 39-3koa ezarriz. Hala ere, Getxok bere nagusitasuna erakutsi zuen azken jokaldietan eta lau entsegu eta bi eraldaketa gehiago egin zituen, 63-3ko behin-betiko emaitza paratuz. 

Honen ondotik, emakumeak sailkapeneko azken postuan segitzen dute, ez baitute oraindik puntu bakar bat ere lortu. Talde honek ere atsedenaldia izanen du datorren asturuan eta abenduaren 14koan jarriko da berriz ere martxan, etxean Uni Bilbo taldearen kontra jokatuko duten partiduarekin. 

16 urtez azpikoak garaipenagatik borrokan

16 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Plaiaundin jokatu zuen, pasa den larunbatean, Uribealdearen kontra. Bizkaitarrek lortu zuten aitzinetik jartzea, bigarren minutuan entsegua lortuz (0-5). Hala ere, sei minutu beranduago, etxekoek berdinketa lortu zuten Beñat Bereauk egindako entseguaren bitartez (5-5). Emaitza iraultzea ere lortu zuen mugako taldeak, Urtzi Arrietak egindako bertze entsegu bati esker eta 10-5ekoarekin aitzinetik joan ziren etxekoak atsedenaldira. Bigarren zatian, indarrak parekatu ziren Plaiaundiko zelaian, baina bi zigor kolperen bitartez, bisitariek 10-11koa ezarri zuten behin-betiko markagailuarekin, jardunaldiko garaipena ere eskuratuz.