Unai Amiano: “Niretzat errazagoa da Irunen jokatzea, partida polita izanen da eta disfrutatu nahi dut”

2026/07/01
Unai Amiano irundarrak San Pedro eta San Martzial besten barreneko Uztailaren 1eko pilota jaialdiko partida nagusian jokatu du. B serieko Buruz Buruko txapelduna izan da berriki, profesional bilakatu eta bederatzi hilabetera. Txikitatik Uranzu frontoiko harmailatik bizi izan du gaurko jaialdia Amianok eta orain bertako protagonista izatea irrikaz betetzen du pilotaria.
Unai Amiano: “Niretzat errazagoa da Irunen jokatzea, partida polita izanen da eta disfrutatu nahi dut”
San Pedro eta San Martzial besten egitarauaren barrenean izan ohi diren kirol ekitaldiak borobiltzeko, gaur arratsaldean, Uztailaren 1eko urteroko pilota jaialdiaz gozatzeko aukera izanen dute irundarrek. Aurtengoa gainera, bereziagoa izanen da, Unai Amiano herriko pilotaria izanen baita partida nagusiko protagonista. Irundarrak 2025eko irailaren 19an egin zuen debuta profesionaletan eta geroztik lau aldiz aritu da etxeko frontoian. Gaurkoa bosgarrena izanen da eta txapel batekin poltsikoan kantxaratuko da, pasa den maiatza bukaeran B serieko Buruz Buruko txapelduna bilakatu baitzen. Unai Amianok urte oparoa izan du aurtengoa, profesional moduan jokatu duen lehenengoan. Honi behar bezalako bukaera emateko, gaur Uztailaren 1eko pilota jaialdi garrantzitsuan jokatuko du irundarrak, txikitatik pilotazale moduan bizitu duen jaialdian hain zuzen ere. Ez du nolanahi eginen gainera, partida nagusian parte hartuko baitu Mariezkurrena II.arekin bikote eginez, Dario eta Martijaren kontra. Amiano “gogoz" dago gaurko arratsaldea bizitzeko eta “disfrutatzea” izanen da bere helburu nagusia. Aitortu duen bezala, “ondo” sentitzen da pilotaria eta “ondo iristen” da Uranzura. Ez da lehen aldia Uranzu frontoian jokatzen duela, azken urtean partida garrantzitsuak bertan jokatzea egokitu baitzaio. “Debutatu aurretik partida solteren bat jokatu nuen, baina ez oso inportanteak. Debutaren ondoren, partida gehiago jokatu ditut eta oso garrantzitsuak gainera. Niretzat gozamena da hori eta asteazkeneko jaialdi honetan parte hartzea ere oso inportantea izango da”, onartu du. 2025eko irailaren 19an egin zuen Amianok debuta profesional mailan eta geroztik, lau partida jokatu ditu bertan eta bi momentu berezi bizi. Lehena 4 1/2ko finala izan zen, debuta egin eta hilabetera ailegatu baitzitzaion profesional bezala lehen finala jokatzeko aukera. Irundarrak ez zuen txapela lortu orduan, baina oroitzapen ona du momentuaz: “Irunen tokatu zitzaidan finala jokatzea, profesionalean hilabete bat neramanean. Niretzat txapela falta da hor, baina txapela lortu banu bezain oroitzapen ona dut. Gero Buruz Buruko Txapelketaren finalean egotea lortu nuen Uranzun ere. Finalerdia jokatu nuen eta irabazi”. Finalerdia gainditu ez ezik, finala ere irabazi eta hor bai txapela lortu zuen Amianok. Guzti hortaz gain, Binakako Txapelketako jardunaldi bat ere jokatu zuela gogoratu du pilotariak. Gaurkoa bosgarrena izanen da beraz, eta partida handia efemeride txiki hori ospatzeko. Unai Amianok Mariezkurrena II.arekin eginen du bikote eta Dario eta Martija izanen ditu aitzinean, guztiak pilotari handiak. Hala ere, egoerak ez du irundarra urduri jartzen, gogoz bete baizik: “Urduri baino gehiago gogoz nago. Aukera bat da niretzat, azterketa txiki bat. Goi mailan ibiltzeko saiakera egin nahi baduzu, horrelako partidak jokatu behar dituzu”. Bere ondoan izanen dituenak ere ezagunak ditu dagoeneko. Mariezkurrenarekin bikote egin du orain dela gutxi, Peña eta Imazen kontra. Jaka ere izan du aurkari San Fermin Torneoan eta poliki-poliki “lehen mailakoekin jokatzera” sartzen ari dela azpimarratu du Amianok, “prestakuntza ona” izan delarik. Horren harira, gaurko Mariezkurrenaren laguntza baliagarria izanen dela aitortu du pilotari irundarrak: “Atzean laguntza edukiko dut, Mariezkurrena atzelaririk onena ez bada, onenetarikoa delako. Azken asteetan partida izugarriak egin ditu eta maila oso onean dago. Ni aurrean tanto politen bat egiten saiatuko naiz eta horrela, emaitza politen bat ere egongo da”. Dario eta Martijak ordea, ez dituzte gauzak erraz jarriko: “Dario eta Martijaren kontra zaila izanen da. Dario Buruz Buruko txapelduna da eta Martijak ez du pilotarik galtzen. Partida ona egin beharko dugu irabazi nahi badugu edo partida polita egin nahi badugu”. Jendez lepo beteko da bertze urte batez Uranzu frontoia gaurko jaialdiaz gozatzeko. www.entradasfronton.com webgunean sarrera gutxi batzuk gelditzen dira oraindik salgai eta pilotalekuko txarteldegian eskuragarri egonen dira, jaialdia hasi baino ordubete lehenago. Hurbilduko diren pilotazale horiek guztiak ez dute Amianoren lasaitasuna aztoratzen, frontoia beteta ikusteak poztasuna ematen baitio: “Urtero joaten da jendea eta aurten, irundar bat egonda horrelako partida polit batean, nik uste giro ona egongo dela. Niretzat gozamena da Irunen jokatzea eta hemen ere pilota mugitzea”. Hain zuzen ere, hori da pilotariak azken aldian nabaritu duena, herrian pilotaren osasuna hobetu dela. Bera da historiako lehen pilotari profesionala eta horrek eragina du pilotaren gorakadan. Amianok berak erran duenez, “herri askotan dago profesionalen bat eta, pilota eskolan sartua badago edo herrian jokatzen badu, jendea mugitzen da. Irunen bazen jendea pilotan ibiltzen dena, baina ez gehiegi eta orain ni nago eta jendea mugitzen hasi dela nabaritzen da. Frontoira joaten dira eta, ez badira joaten ere, jendeak pilota segitzen du. Horrez gain, umeak ere badaude pilota eskolan eta hori seinale hona da, hortik hasten delako dena. Gainera erreferente bat badute, ikusten dute pilotari izan daitezkeela”. Gaurko jaialdiarekin lehen urte emankorra borobilduko du Unai Amianok Uranzun. Irundarrak ez zuen espero lehen urratsak hain oparoak izatea, baina pozik dago egindako lanarekin: “Sartu baino lehen ez dakizu nondik ibiliko zaren. Poliki joan behar zara eta batzuetan ez da ongi ateratzen eta segidan bukatzen da ibilbidea. Ni gogoz nintzen ikusteko zer gertatu zitekeen eta uste baino askoz positiboagoa izan da lehen urtea. 4 1/2ko finalak indarra eman zidan. Gero Binakakoan momentu txarrak ere egon ziren, luzea izan zen eta zen nahi bezala joan. Ondotik, Buruz Burukoan buelta eman nion eta hobe joan zen. Konfiantzaz aritu nintzen eta txapela lortu nuen. Oso ona izan da urtea eta orain, jaialdi asko daude eta hori ere oso ona da”. “Eskuak aguantatu bitartean” horretan ariko dela ere azpimarratu du Amianok eta gaurko helburua, batez ere, “disfrutatzea” izanen dela, “txapelketetako tentsioa kendu” eta “arinago” arituko dela herriko pilotazale guztien aitzinean.