Urrezko zazpi domina eskuratu zituzten BATeko gazteek Euskadiko Pista Estaliko Txapelketan

2025/02/27
Zazpi garaipenez gain, zilarrezko bertze sei domina eta brontzezko bi poltsikoratu zituzten Bidasoa Atletiko Taldeko 16, 18 eta 20 urtez azpiko taldeko atletek Anoetako Belodromoan.
Urrezko zazpi domina eskuratu zituzten BATeko gazteek Euskadiko Pista Estaliko Txapelketan

Euskadiko Pista Estaliko Txapelketa ospatu zen Donostiako Anoetako Belodromoan asteburuan eta bertan, 16, 18 eta 20 urtez azpiko Bidasoa Atletiko Taldeko atletek hartu zuten parte, emaitza ezin hobeak bilduz. Guztira, hamabost domina eskuratu zituzten irundarrek: urrezko zazpi, zilarrezko sei eta brontzezko bi. 

16 urtez azpiko taldean, Olatz Elizasu eta Jon Andiano Euskadiko txapeldun bilakatu ziren. Elizasuk pisu jaurtiketan lortu zuen urrezko domina, 9,81 metroko jaurtiketa onena eginda. Andianok berriz, garaipen bikoitza lortu zuen abiaduran: 60 metroko eta 300 metroko lasterketetan. Lehen proban 7,45 segundu behar izan zituen proba bukatzeko eta bigarrenean berriz, 37,72 segundu. Hiru garaipen hauez gain, Noa Garcia txapeldunorde izan zen altuera jauzian (1,50 metro). Honekin estatuko denbora minimoa ere lortu zuen Garciak. Azkenik, Naia Piquerrek ere zilarrezko domina eskuratu zuen 1000 metroko lasterketan (3:04,95 minutu). 

18 urtez azpiko taldean berriz, Eñaut Arburuak, Jon Gajatek eta Markel Garranchok lortu zuten garaipena eskuratzea. Arburuak 400 metroko lasterketan hartu zuen parte eta, 50,93 segunduko denborarekin, urrezko domina eskuratu zuen. Gajatek berriz, 60 metroko hesi-lasterketan lortu zuen txapeldun izatea, 8,26 segunduko denbora eginez. Azkenik, Garrancho ere podiumeko koska gorenera igo zen 200 metroko lasterketan, 22,42 segunduko denbora eginda. Maila berean, Imanol Ibarbiak zilarrezko domina eskuratu zuen pertigan (4,00 metro) eta jauzi hirukoitzean, Ibai Anautek brontzeko domina ere eskuratu zuen (11,66 metro). 

Azkenik, 20 urtez azpiko taldean, Ander Aramendi izan zen Euskadiko txapeldun 1.500 metroko lasterketan, 3:57,91 minutuetan zeharkatuz helmuga. Honez gain, zenbat zilarrezko domina ere poltsikoratu zituzten BATekoek. Izaskun Sanz txapeldunorde izan zen bi probetan: 800 metroko lasterketan (2:22,04 minutu) eta 1.500 metroko lasterketan (4:55,44 minutu). 800 metroko lasterketan ere Irati Erro hirugarren izan zen, bere taldekideari podiumean lagunduta (2:23,52 minutu). Azkenik, abiadura, Leire Martiarenak zilarrezko domina eskuratu zuen 20 metroko lasterketan (25,48 segundu), bere marka pertsonalik onena lortuta.