Miguel Indurain, Alberto Contador, Alekszandr Vinokurov, Jan Ullrich edo Simon Yates bere garaian bezala, Gaztela eta Leongo Itzulia irabazi du aurten Haimar Etxeberria txirrindulari irundarrak. Profesional mailan lortutako lehen garaipena izan da beretzat. Baina Vendéeko Tourrean bosgarren egin du, laugarren amaitu zuen Getxoko Zirkuituan, eta zortzigarren postua Ordiziako Klasikan eta Franco-Belgikar Zirkuituan ere.
22 urte besterik ez dituela, World Tourrera jauzia emango du lehendabiziko aldiz. Patxi Vila beratarra zuzendari duen Red Bull Bora talde indartsuarekin ariko da heldu den denboraldian, eta Evenepoel edo Roglic bezalako txirrindulari handien alboan emango dio pedalari.
Profesional mailan egin duen lehen urtean garaipenak lortzea lagundu diola pentsatzen du Haimar Etxeberriak. Orain izar handiak dauden talde batean ariko da, eta haietaz «asko ikastea eta errendimendua hobetzea» espero du. Izan ere, Etxeberriak mementoz ez du bere burua garaipenak lortzeko lehian ikusten. «Espero dut txirrindulari garrantzitsua bilakatzea, baina kategoriara egokitu nahi dut eta pixkanaka joan beharra dago», azaldu digu.
Dena den, gaztea izanagatik ere, garaipen garrantzitsuak lortu ditu irundarrak. 2020an Junior mailan Zornotzan jokatzen den 23 urtez azpiko eta Elite mailako Udaberri Saria irabazi zuenetik, irundarraren garapenak ez du etenik izan. 2021ean seigarren sailkatu zen Gipuzkoako Itzulian etapa bat irabaziz. 2022an podiumera igo zen Zumaiako eta Laudioko sarietan, Aiara Zirkuituan eta bigarren egin zuen Gervais Memorialean, Espainiako erlojupeko txirrindularitza txapelketan zortzigarren amaituz. 2023an Finisher taldearen amateur gisa eman zuen, eta laugarren amaitu zuen Kantabriako Itzulia, eta Valentziako Itzulian bigarrena izan zen sailkapen orokorrean, etapa batean nagusituz. Urte berean Xantisteban Saria eraman zuen.
2024an profesional mailara pasatu zen Kern Pharmarekin, Finisher taldeko profesional mailako taldearekin hain zuzen ere. San Gregorio eta Loinaz sariak eskuratu zituen, eta beste sei podium egin zituen. Haien artean, Bidasoako Itzulian hirugarren eta etapa baten garaipena.
Orain World Tourrera jauzia emateko motibaturik dago Etxeberria, eta lehen deia jaso zuenetik aldaketa egiteko zalantzarik ez zuela eduki ere aipatu dio Jean Pierre Harocarene lankideari. «Aldaketa handiak eta azkar bizi izan ditut azken hilabeteetan, baina oso pozik nago urrats hau ematearekin, nire bizitzako ametsa beteko dudalako», aitortu digu. Kontziente da 22 urterekin World Tourrera iristea ezohikoa dela, eta zaleen babesarekin zein urteotan lagundu dioten guztiekin eskertuta dago.