XXVI. Txingudi Korrika ospatuko da heldu den urriaren 5ean

2025/09/17
Txingudi Badia bere osotasunean zeharkatzen duen froga igande goizean ospatuko da, 10:00etatik aitzinera. Urpean elkartearen egoitzaren parean izanen da irteera eta, Irundik pasatu ondotik, Hondarribiako Hondartza kiroldegiko atletismo pistan helmugaratuko dira partehartzaileak. Urriaren 3ko 13:00ak arte egonen dira irekita izen emateak, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez soilik. Irailaren 29ra arte 18 euroko prezioa izanen du dortsalak, hortik aitzinera berriz, 22 eurokoa izanen da bere kostua.
XXVI. Txingudi Korrika ospatuko da heldu den urriaren 5ean

Txingudi Korrikaren 26. edizioa ospatuko da heldu de urriaren 5ean. Goizeko 10:00etan emanen zaio irteera lasterketari Hendaian, Urpean elkarteren parean, eta 10 kilometroen ondotik, Hondarribian helmugaratuko dira partehartzaileak, tartean Irun ere zeharkatuz. Txingudi Badia osatzen duten hiru herrietatik igarotzen den proba bakarra da eta horregatik beragatik, eskualdeko bereziena. Horrez gain, ibilbidea egokia da kirolari trebatu eta ez hain trebatuentzat eta izaera herrikoiago bat ematen dio honek lasterketari. 

Bidasoa Atletiko Taldeak eta Urpean-ek elkarlanean antolatzen duten proba da. 26 urte daramatza BATek lan honetan eta azken hamaiketan Hendaiako elkartearen laguntza izan du. Hainbat aldaketa izan ditu urte horietan guztietan, baina azken edizioetan izan diren berritasunak dagoeneko egonkortu dira. 10 kilometroko lasterketa izanen da Txingudi Korrika, Hendaian hasiko dena, Urpean elkartearen parean, eta Hondarribia helmugaratu, Hondartza kiroldegiko atletismo pistan. Tartean, Irun ere zeharkatuko du, Kolon Pasealekutik eta horrela, eskualdeko probarik berezienean bihurtuko da. Izan ere, Txingudi Badia osatzen duten hiru herrietatik igarotzen den lasterketa bakarra da, eskualdeko herritar eta korrikalariek anitz estimatzen dutena. Ibilbidea, gainera, homologatua da orain dela hiru urtetik eta helmugan, nola bostgarren kilometroan, markak hartuko dira, denbora kontuan hartzea nahi duten kirolarientzat. 

Igande goizean ospatuko da lasterketa, 10:00etan abiatuko baitira partehartzaileak. Pasa den edizioko aldaketa izan zen hau, azken urteetan larunbat arratsaldeetan egin ohi zuen giro beroa saihesteko. Minutu batzuk lehenago handbike eta gurpildun aulkian parte hartuko duten kirolariek hartuko dute irteera. Atal hau Salto System-ek babesten du bere osotasunean eta beraz, izen ematea doan izanen da bertako partehartzaileentzat. Ondotik, denbora markatuko duten kajoien arabera aterako dira bertze korrikalariak. Erbiak ere izanen dituzte aurtengo edizioan, ohiko markekin (3:45; 4:00; 4:15; 4:30), baita bi marka berriekin, 5:30 eta 6:00, erritmo mantsoagoa duten korrikalariek erreferentzia eduki dezaten. 

Helmugaratzen diren lehen bost emakumezko eta gizonezkoek izanen dute saria, baita eskualdeko herrietako lehen emakume eta gizonek ere, hau da, Hendaia, Irun eta Hondarribiako lehenek. Handbike eta aulki gurpilduneko modalitatean helmugaratzen diren lehen hirurek ere izanen dute saria. Gainera, 100 euroko saria jasoko dute probaren errekorra lortzen duten emakumezko eta gizonezkoak. Gaur egun, Sara Villasantek (35:42) eta Unai Arroyok (30:52) dute, orain dela bi urteko edizioan lortu zutena. 

Izen emateari dagokionez, urriaren 3ko 13:00ak arte egonen da irekita, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. Soilik online egin ahal izanen da inskripzioa eta 18 euroen truke egin daiteke irailaren 29ra arte. Ondotik, 22 euroko prezioa izanen du. Dortsalak berriz, urriaren 3an bildu daitezke, 18:00etatik 21:00etara, Palmera Montero guneko bigarren aretoan, baita urriaren 4ean ere 10:00etatik 13:00etara. Pasa de urteko edizioan 602 korrikalari izan ziren parte hartzen. Garai batean 1.000 izen emate ere izan zituen proba honek, baina aurtengoan 700-750 dortsalen langa gainditzea du helburu BATek. 

Kontuan hartu beharreko bertzelako informazioa ere eskaini du Ibon Muñoz BATeko ordezkariak, Txingudi Korrika aurkezteko eman duen prentsaurrekoan. Aipatu duenez, irteeran kontsigna egonen da eta antolatzaileak arduratuko dira bertan uzten den guztia helmugara eramateaz. Helmugan berriz, dutxak izanen dira korrikalarientzat, baita anoa gunea ere, jatekoa eta edatekoarekin. Ibilbidearen erdian ere, Kolon Pasealekuan, edatekoa egonen da. Bertzerik gabe, Muñozek jendea animatu nahi izan du lasterketan parte hartzera, “denontzat egokia den ibilbidea” dela segurtatuz. Mugikortasuna errazteko, itsasontzia erabilgarri egonen dela azpimarratu du Muñozek eta 8:30ean, 8:45ean, 9:00etan eta 9:15ean izanen dira ordutegi aproposenak Hendaiara hurbiltzeko. Honen erreserba kirolprobak.com webgunean egin daitekeela oroitarazi du, izen ematea egiten den momentu berean. 

Txingudi Korrika Txiki

Azken edizioetan egin de bezala, aurtengoan ere txikienentzat lasterketan parte hartzeko aukera egonen da. Txingudi Korrika Txiki urriaren 4an, larunbatean, ospatuko da Galeko anexoan. Izen ematea doainik izanen da, baina www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin beharko dira, urriaren 3ko 13:00ak baino lehen. Banatu gabeko dortsalak egunean berean eskuratu ahal izanen dira Galen. Aitzinetik izena emanda daudenek berriz, Palmera Montero guneko bigarren aretoan bildu dezakete dortsala, ortziralean (urriaren 3an) 18:00etatik 21:00etara, edo egunean berean Galen. 

Txingudi Korrika: eskualdean erro sendoak dituen lasterketa

XXVI. Txingudi Korrikaren aurkezpenean, Hendaiako, Irungo eta Hondarribiako kirol zinegotziak presente egon dira eta hirurek ere lasterketa honen izaera berezia goraipatu dute. Izan ere, eskualdeko proba bakarra da hiru herrietatik pasatzen dena eta beraz, Txingudi Badia osoa igarotzen duena. Borja Olazabal Irungo kirol zinegotziak “hiru herriak lotzeak xarma berezia duela” azpimarratu du eta eskualdeko kirolari guztiak animatu nahi izan ditu parte hartzera, “korrika egiteko ibilbide aproposa, atsegina eta erraza” delako. Lupe Queiruga Hondarribiako kirol zinegotziak hitz berak errepikatu ditu eta gaineratu du, “inklusibitate eredu ona” dela proba: “Ez da ohikoa horrelako frogetan ezaugarri desberdinak dituzten kirolariei parte hartzeko aukera ematea. Handbike eta aulki gurpildunean parte har daiteke, bakoitzak bere egoera fisikoa neurtuz, eta hori goraipatzekoa da”. Erro sendoak dituen lasterketa dela ere adierazi du eta parte hartzera, zein korrikalariak animatzera, hurbiltzeko deia egin die eskualdeko herritar guztiei.