Zaisa Txingudi eta Urgozoren arteko finala bihar Plaiaundin
2026/02/27
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek neurketa garrantzitsua jokatuko dute bihar, otsailaren 28an, Plaiaundin (16.00). Zornotzako Urgozo izanen du aitzinean eta igoera fasea jokatzeko aukera izanen da jokoan berdegunean. Etxekoek akatsik gabeko partidua egin beharko dute, sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldearen kontra, play-offera sailkatzeko aukerak edukitzeko.
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik Zornotzako Urgozo taldea jasoko du bihar, otsailaren 28an, Plaiaundin (16:00). Bizkaitarrak bigarren sailkatuak dira Euskadiko Bigarren Mailako Ligan. Guztira 46 puntu dituzte, bidasotarrek baina hamahiru gehiago. Liga bukatzeko, sei jardunaldi bertzerik ez dira falta eta hamar puntu daude jokoan. Horregatik beragatik, biharko neurketa final baten modua izanen da, hau irabazi ezen, mugakoek ezin izanen dutelako igoera fasea jokatu.
Iñigo Camareroren jokalariak buru-belarri ari dira partidua prestatzen, taldearen indargunean sendotuz eta baliabideak landuz, bihar Plaiaundin garaipena eskuratzeko helburu nagusiarekin. Bi taldeek Irunen jokatu zuten azken aldian, errugbian ohikoa ez den berdinketa eman zen. Egoera oso txarrean zegoen zelaia baliatuz, Zaisa Txingudik garaipena eskura izan zuen, baina Urgozok ondo eutsi zion partiduari eta, bukaeran, bosna berdinduta gelditu ziren. Oraingo honetan, zelaiak ez du hainbertzeko eraginik izanen eta bi taldeak ere gogor arituko dira puntuengatik borrokan.
Harrobiko taldeak Lekarozen
16 eta 18 urtez azpiko taldeak Lekarozen izanen dira, Baztan Menditarrak taldearen etxean, Bera Beraren kontra lehiatzeko. Gazteenek irekiko dute eguna, 10:30ean jokatuko duten partiduarekin. Ondotik, nagusienak arituko dira.
14 urtez azpikoak Gipuzkoako selekzioarekin
14 urtez azpikoak Gipuzkoako selekzioarekin izanen dira asteburu honetan, Ligako atsedenaldia aprobetxatuz. 13 urtez azpikoak Bardozen izanen dira Laguntasunaren Txapelketa jokatzen, bertze selekzioekin batera. Txingudi/Oreretako Oihan Sanchez Varela sartu da taldearen deialdian.
14 urtez azpikoak berriz, Ordizian izanen dira Gipuzkoako selekzioaren entrenamendu saio batean. Markel Aizpurua, Aiur Callao, Markel Celestino, Goretti Lekuona, Oihan Sanchez Aristizabal eta Telmo Bereciartua izan dira deituak.