Zaisa Txingudik Eibar sailkapeneko liderra bisitatuko du asteburuan
2026/01/30
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek Eibar sailkapeneko liderra bisitatuko dute larunbatean, urtarrilaren 31n, 16.00etan. Eibartarrek ez dute orain arte porrotik egin denboraldi honetan eta beraz, ez ditu gauzak erraz jarriko bere etxeko zelaian. Hala ere, partidu bakarra berdindu du eta hori Zaisa Txingudiren kontrako neurketan izan zen, Plaiaundin. Mugakoak motibazio horrekin joanen dira Unbera.
Denboraldi partidurik garrantzitsuenetariko bat jokatuko du asteburu honetan Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik. Izan ere, bihar (urtarrilaren 31n), Eibar sailkapeneko liderra bisitatuko du mugako taldeak (16:00), eta hirugarren postuan kokatzeko erronka izanen du Unbe zelaian. Hala ere, garaipena eskuratzea ez da hain erraza izanen. Eibartarrek ez dute oraindik partidurik galdu, bederatzi garaipen batu dituzte orain artekoan eta berdinketa bakarra. Berdinketa hori Plaiaundin lortu zuten, hain zuzen ere, Zaisa Txingudiren kontra. Pasa den urriaren 18an jokatu zen norgehiagoka eta azken minutuan galdu zuen etxeko taldeak, eibartarrek 24nako berdinketa erdietsi zutenean.
Hori gogoan, motibazioz ekinen diote asteburuko partiduari bidasotarrek, nahiz eta akatsik gabeko neurketa egin beharko duten hirugarren postura igotzeko helburua lortzeko. Igoera jokatzeko aukera emanen dion bigarren postua ere begiz jota du Zaisa Txingudik, baina hamalau puntutara du leku hori eta beraz, gogor lan egin beharko du hori lortzeko. Berdinketa ez ezik, pasa den asteburuan Plaiaundin La Unicaren kontra jokatutako partidua du gogoan mugako taldeak, bertan konfiantza lortu zutelako euren buruengan eta joko ona zelairatu zutelako. Hori bera erakutsi nahi du taldeak orain, liderraren etxean.
Beteranoen jaia Plaiaundin
Plaiaundin ere errugbia izanen da protagonista asteburu honetan. Izan ere, urtero bezala, beteranoen taldeak egun berezia antolatu du. 11:00etan hasiko da prestatutako egitaraua eta kapitainen bilera eginen dute orduan. Beroketak eginda, izena eman duten sei taldeek euren arteko partiduak jokatuko dituzte, 13:30ak arte. Ondotik, hirugarren denbora hasiko da eta sariak banatuko dituzte, Gabiria jatetxean mahaiaren buelta bildu baino lehen.
Etxeko bi talde ariko dira beteranoek prestatutako jai honetan, Txingudi Touch eta Txingudi Neskak All Stars. Horiekin batera, Rioja, Arrangoitzeko Emak Hor, Senpere Union Club eta Bordeleko Union Bordeaux Métropole taldeak ariko dira lehian, errugbiaz gozatzeko.
14 urtez azpiko taldeak Plaiaundin baita ere
Beteranoen programarekin hasi baino lehen ordea, 14 urtez azpiko taldea etxean ariko da Gipuzkoako ligako zazpigarren jardunaldia jokatzen. Bera Bera izanen du aurkari eta pasa den asteburuko porrotari buelta emateko gogoz zelairatuko dira etxekoak. Partidua 10:00etan izanen da.