Zaisa Txingudik etxean emanen dio hasiera denboraldiko bigarren itzuliari
2026/01/23
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek La Unica B hartuko dute Plaiaundin, bihar (urtarrilaren 24an), 16.00etan. Denboraldiko bigarren itzuliari hasiera emanen diote honela. Igoera lortzeko jokatu beharreko play-offetan sartzea izanen da bigarren zati honetako bidasotarren helburua. Horretarako, puntuak batzea ezinbertzekoa zaio taldeari, orain Zornotzako Urgozo taldeak okupatzen duen postuan sailkatzeko.
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik denboraldiko bigarren itzuliari hasiera emanen dio bihar, urtarrilaren 24an, 16:00etan Plaiaundin. La Unica Bren kontrako lehen partidua jokatuko dute bidasotarrek eta prest daude helburu berriei aitzin egiteko. Helburu horietako bat igoera lortzeko jokatu beharreko play-offetara sailkatzea da eta horretarako, taldeak ezinbertzean puntuak batu behar ditu hurrengo asteburuetan.
Igoera zuzena ziurtatzen duen postua sailkapeneko lehen da. Momentu honetan, Eibar dago hor kokaturik, 41 punturekin. Bigarren postua da play-offerako sarbidea ematen duena eta hor berriz, Zornotzako Urgozo taldea dago sailkatuta, 37 punturekin guztira. Mugako taldea bere gibeletik dago momentu honetan, hamahiru puntu gutiagorekin, eta Iruñarekin hirugarren postuan berdinduta. Igoera postuetatik kanpo badago ere, puntuak lortuta, lor daitekeen helburua da eta horretan saiatuko dira, buru-belarri Txingudiko jokalariak.
La Unica B laugarren postuan dago, 20 punturekin, eta beraiek ere ongi borrokatuko dute bihar garaipena lortzeko. Lehen itzulian, Iruñean, mugakoek norgehiagoka ona jokatu zuten eta etxekoak berriz, ez zuten beraien egunik hoberena eduki. Horrela, Txingudik 10-25eko emaitzarekin irabazi zuten eta gauza bera egin nahi dute orain etxean, Plaiaundin.
Harrobiaren hitzorduak
Klubeko bertze talde guztiek ere hitzordua izanen dute asteburu honetan, senior mailako emakumeen Biok Txingudik taldeak izan ezik. 14 urtez azpiko taldeak izanen du asteburuko lehen hitzordua, bihar 10:00etan Hernanin. Gipuzkoako Txapelketako kanporaketetara sailkatzeko helburua jokoan izanen da bertan beraz, partidu garrantzitsua izanen da.
18 urtez azpiko taldeak berriz, Lekarozen jokatuko du Riojaren kontra, bihar 11:30ean. Euskal ligako bigarren mailan bosgarren sailkatuta dago Gabiria Txingudi/Baztan eta errioxarrak azkenak dira. 16 urtez azpiko taldeak Getxon jokatu beharko du asteburu honetan, bihar ere 12:30ean. Euskadiko lehen mailako partidua izanen da eta kanporaketara sailkatzeko garaipena garrantzitsua izanen da, baina ez da erraza izanen, lehia gogorra izanen baita bizkaitarren kontra. Azkenik, igandean, eskolako taldeak Hernanin arituko dira, 10:30etik aitzinera.