Zaisa Txingudik ezin izan zuen garaipena lortu Plaiaundin
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik Uni Bilbo C taldea jaso zuen pasa den larunbatean Plaiaundin. Etxeko talea indartsu zelairatu zen eta baloiaren jabetza eduki zuen lehen zati ia guztian zehar. Lehen puntuak ere bidasotarrek eskuratu zituzten. Hamargarren minutuan, Unai Herrerok entsegu bat egin zuen, “Lutxo” Echevarriak eraldatutakoa (7-0). Hamasei minutu beranduago, Joao Costak bigarren marka ere lortu zuen, markagailuko aldea handituz (12-0). Hurrengo jokaldietan, partiduaren norabidea pixka bat aldatu zen eta Txingudik akatsak egin zituen plakaje eta paseetan. Horrela, bilbotarrek lehen puntuak eskuratu zituzten, 12-5ekoa ezarriz atsedenaldirako.
Nahiz eta oraindik emaitza mugakoen alde egon, zalantzaz beterik zelairatu ziren hauek bigarren zatian. Bisitariek nagusitasuna erakutsi zuten eta etxekoen konzentrazio falta eragin zuten. Zigor kolpeak gero eta ugariagoak izan ziren eta kolpe hauetako bat baliatuz, Uni Bilbok hiru puntu gehitu zituen bere emaitzara (12-8), hagen artean ostikatutako falta baten ondorioz. Hiru minutu beranduago, markagailua iraultzea ere lortu zuen talde bisitariak bigarren entsegu batekin (12-13). Mugakoei kosta egin zitzaien eraso hauei erantzutea, baina metroak irabazten joan ziren hala ere. Bilbotarrek lan ona egin zuten orduan defentsan eta etxekoen erasoak gelditu zituzten. 69. minutuan gainera, bertze entsegu bat lortu zuten bilbotarrek eta 12-18koa ezarri zuten. Azken hamar minutuetan, Zaisa Txingudi behin eta berriz saiatu zen markagailuari buelta ematen, baina ez zuen lortu entsegu-eremura iristea eta beraz, 12-18ko behin betiko emaitzarekin bukatu zen neurketa.
Puntuek ihes eginda, mugako taldeari igoera lortzeko helburua zaildu zaio. Sailkapeneko laugarren postuan kokatzen da orain, 11 punturekin guztira, eta sei puntuko aldea du hirugarren postuan dagoen Sortzen C taldearekin. Gibeletik, La Unica eta Gaztedi taldeak kokaturik daude, bi puntu alde txikiarekin.
Asteburuko hitzorduak
Heldu den astebuari dagokionez, lau talde izanen dira lehian. Zaisa Txingudik Euskal Ligako bertze jardunaldi bat jokatu beharko du Iruñean, Iruña taldearen kontra, igandean (azaroaren 30ean), 12:00etan. Biok Txingudik berriz, Getxo bisitatuko du egun eta ordu berean, igandean 12:00etan.
Plaiaundin 14 eta 16 urtez azpiko taldeak ariko dira larunbatean, azaroaren 29an. Lehenik, 11:00etan, gazteenek jokatuko dute euren jardunaldia, Atletico San Sebastian taldearen kontra. Honen ondotik, Txingudi/Orereta/Baztan 16 urtez azpiko taldearen txanda izanen da. Hauek Uribealdearen bisita jasoko dute Irunen.
Marko Unhassobiscayren Oroimenez
Txingudi Rugby Klubak aste honetan komunikabideei bidalitako oharrean bere “dolumin zintzoenak” bidali nahi izan dizkio Marko Unhassobiscay jokalari ohiaren familia eta lagunei. Arrangoitzetik iritsi zen jokalaria Plaiaundira eta bertan zazpi urte eman zituen jokatzen, 2004tik 2011ra, taldeko jokalari garrantzitsuenetako batean bihurtuz.