Zaisa Txingudik ezin izan zuen sailkapeneko liderra garaitu
2026/02/04
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek 34-5eko emaitzarekin porrot egin zuten, pasa den larunbatean, Eibar sailkapeneko lider gogorraren kontra. Defentsan indartsu ari ziren mugakoak, baina etxekoek ongi aurkitu zituzten hutsuneak markagailuan tartea irekitzeko. Horrez gain, eguraldiak baldintzatutako jardunaldia izan zen eta horrek ere eragina izan zuen Iñigo Camareroren mutilengan.
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik 34-5eko markagailuarekin galdu zuen, pasa den larunbat arratsaldean, sailkapeneko liderra den Eibar taldearen kontra. Unten jokatu zen Euskadiko Bigarren mailako hamaikagarren jardunaldia eta neurketa gogorra izanen zela aurreikusten zuten mugakoek. Etxekoek hasieratik erakutsi zuten euren nagusitasuna eta lehen jokalditik jarri ziren aitzinetik, 5-0ekoarekin. Eguraldi kaskarrak baldintzatu zuen jokoa eta horrek eragin zuzena izan zuen bisitariengan. Hala ere, metroak irabazten joan ziren hauek eta arriskuak sortzeko ahaleginetan aritu ziren. Hala ere, Eibar sendo aritu zen defentsan ere eta aurkariaren saiakerak ezerezean utzi zituen. Eibartarrek euren esperientzia zelairatu zuten eta, hiru entsegu eta eraldaketa batekin, 22-0eko markagailua ezarri zuten beraien alde atsedenaldira bidean.
Bigarren zatian, Zaisa Txingudik haizea alde izan zuen eta hori aprobetxatu nahi izan zuen. Hala ere, horma bat aurkitu zuen aitzinean eta ezin izan zituen puntuak gehitu bere markagailura. Eibarrek tartea irekitzen segitu zuen eta bertze entsegu batekin 27-0ekoa jarri zuen, garaipena ia erabakita utzita. Mugakoek orduan gogor erantzun zuten eta kontraeraso batean lehen bortz puntuak poltsikoratu zituen, Odin Gutierrezen bitartez (27-5). Hurrengo minutuetan, ez talde batek ez bertzeak ere, ez zuen baloiaren jabetza eduki eta arrakastarik gabeko aukerak sortu zituzten. Azken jokaldian ordea, Eibarrek azken entsegu bat egitea lortu zuen, eraldaketa batekin, 34-5eko behin-betiko markagailua ezarriz.
Emaitza honen ondotik, Eibar lidergotzan sendotu da, 51 punturekin, eta Urgozok bigarren postuan segitzen du, 46 punturekin. Hirugarren postuan, igoera postuetatik kanpo beraz, Iruña dago kokaturik, 33 punturekin eta azkenik, Zaisa Txingudi laugarren postuan dago, 28 punturekin. Heldu den astean, atsedenaldia izanen du taldeak, baina hurrengoan azken sailkatua den Mutrikuren kontra jokatuko du mugako taldeak Plaiaundin.
Beterano egunaren edizio arrakastatsua
Euripean eta zelai lokaztu batean ospatu zen, pasa den larunbatean, Beteranoen eguna Plaiaundin. Eguraldia lagun ez bazuten ere, jardunaldi arrakastatsu batez gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Ehun lagun inguru bildu ziren bertan, zazpi taldetan banatuta, eta hainbat partidua jokatu zituzten plakajerik gabeko modalitatean. Txingudi Rugby Klubak eskerrak eman nahi izan dizkie hurbildu ziren partehartzaile, zale eta klub guztiei.
14 urtez azpikoen garaipena
14 urtez azpiko taldeak bertze garaipen bat bildu zuen asteburuan. Bera Bera izan zuen aurkari eta mugako gaztetxoek 31-7ko markagailuarekin garaitu zituzten donostiarrak.