Zaisa Txingudik garaipen garrantzitsua eskuratu zuen asteburuan etxean
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik 24-12ko markagailuarekin garaitu zuen asteburuan Gaztedi. Taldeak urteko etxeko azken partidua jokatu zuen honela eta bolada txarrari bukaera emateko aukera ongi aprobetxatu zuen. Neurketa zaila jokatu zuten bi taldeek lehen zatian, baina bigarrenetik aitzinera, etxekoek euren nagusitasuna erakutsi eta garaipena lortzeko abantaila lortu zuten, jardunaldiko puntuak ere bereganatuz.
Urduritasuna nabaria zen Plaiaundin partiduaren hasieran, batez ere etxekoen aldetik. Zaisa Txingudik ez zuen baloiaren jabetza eduki eta hau ongi aprobetxatu zuen Gaztedik bere lana egiteko eta aurkariaren zelaian jokatzeko. Ordu erdia pasatuta, epaileak zigor entsegu bat eman zion bisitariari eta hauek 0-7koa ezarri zuten euren alde, zigor kolpe baten bitartez.
Atsedenaldira galtzen joan ziren etxekoak, baina aldageletan partiduari aurre egiteko gakoak argitu zituzten eta helburu hori edukita, indartsu zelairatu ziren mugakoak. Bigarren zatia hasi eta berehala, Joao Costak 5-7koa ezarri zuen aurkariaren abantaila murriztuz. Hau guti balitz, jokatutako touch baten ostean, Asier Gonzalezek entsegua eskuratu eta, “Lutxo” Echevarriaren bitartez, 12-7ko markagailua eskuratu zuten bidasotarrek.
Ildo beretik segitu zuten lanean Iñigo Camareroren mutilek eta puntuak gehitzen segitu zuten. 60. minutuan, berriz ere aurreko jokaldia errepikatu eta Julen Iglesiasek bere lehen entsegua lortu zuen (17-7). Hamabost minutu beranduago, Iglesiasek bigarren marka egin eta Echeverriak eraldatu ondotik, 24-7koa lortu zuen Txingudik, garaipena ia erabakita utziz. Hala ere, Gaztedik gora egin zuen azken minutuetan eta amore eman gabe segitu zuen lanean. Etxekoek defentsa gogor bat erakutsi zuten, baina zigor kolpe baten ondotik, hiru txartel hori jaso zituen eta hori ongi aprobetxatu zuen talde bisitariak 24-12ko behin-betiko markagailua ezartzeko.
Azken minutuetan tentsioa nagusitu bazen ere, Zaisa Txingudiren garaipena ez zen kolokan jarri eta jardunaldiko puntuak poltsikoratu zituen honela. Honen ondotik, 15 puntu ditu orain guztira mugako taldeak eta sailkapeneko laugarren postuan kokatu da. Heldu den asteburuan, abenduaren 20ean, urteko azken partidua jokatuko dute bidasotarrek, Izar Beltzak taldearen kontra Lasarten (15:30). Bere aurkari zuzena da momentu honetan talde hau, 17 puntu baititu eta bere gibeletik kokatzen baita. Beraz, hauei garaituta, urtea hirugarren postuan bukatzeko aukera du Zaisa Txingudik, leku eroso batean denboraldiko bigarren zatiari aurre egiteko.
Harrobiko taldeen emaitzak
18 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen asteburuan Iruñaren kontra. Etxeko zelaian nagusitu ziren mugakoak, 22-19ko markagailua lortuz, azken minutuetan irauli zutena. 16 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztanek 33-33ko berdinketa erdietsi zuen Ordizian, hauek ere azken minutuetan abantailak murriztuz. 14 urtez azpiko Txingudi/Orerea/Baztan taldeak bertzalde, La Unicaren kontra irabazi zuen 39-15eko emaitzarekin. Azkenik, eskolako taldeak Arrasaten izan ziren bertan jokatu ziren partidu guztietan joko ona erakutsiz.