Zaisa Txingudik garaipenarekin bukatu du urtea

2025/12/23
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek 14-26 garaitu zuten Sortzen C/Beltzak taldea, urtea ezin hobe bukatuz. Biok Txingudi emakumeen taldeak aldiz, 26-67ko markagailuarekin galdu zuen Durangoren kontra. Puntuek ihes egin zuten Plaiaunditik, baina taldeak itxura hobea eman zuen eta beraz, sentsazio onekin ere eman zioten hasiera Eguberrietako atsedenaldiari.
Zaisa Txingudik garaipenarekin bukatu du urtea

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek urteko azken jardunaldiak jokatu dituzte asteburu honetan. Zaisa Txingudik 14-26 irabazi zuen Sortzen C/Beltzak taldearen kontra. Biok Txingudik berriz, 26-67 galdu zuen Durangoren kontra, baina itxura ona emanez bukatu zuen urtea. Orain, bi taldeek atsedenaldia izanen dute urtarrila bitarte eta hori ongi aprobetxatuko dute, orain arteko lan ona indartzeko, baita akatsak zuzentzeko ere. 

Zaisa Txingudik Sortzen C/Beltzak taldea bisitatu zuen urteko azken jardunaldia jokatzeko.    Bi taldeak pareko indarrarekin hasi zuten partidua, baina etxekoek lortu zituzten lehen puntuak, entsegu eta eraldaketa baten bitartez (7-0). Bisitarien atzelarien lana zaildu zen orduan, baina kontrolpean eduki zuten baloia eta arriskua ere aldentzen jakin zuten. Honela, touch baten ondotik, Eneko Martinezek aurkariaren defentsa gaindu zuen eta baloia hagen artean kokatu zuen, “Lutxo” Echevarriak ostikada batez eraldatzeko eta emaitza berdintzeko (7-7). Berdinketak guti iraun zuen ordea, aldeko melé baten ondoren, hiru laurdenen jokaldi bat aprobetxatuz, etxekoek berriz ere abantaila lortu baitzuten atsedenaldira bidean (14-7). 

Bigarren zatia hasi eta berehala, bi taldeek jokalari bana galdu zuten, borroka baten ondorioz, txartel gorriak ikusi zituztelako. Burua hotz mantendu behar izan zuten mugakoek eta ahaleginek fruituak eman zituen, berdinketa berreskuratu zutelako bidasotarrek Echevarriaren bidez (14-14). Hurrengo minutuetan, metroak irabazten joan zen txingudi eta lehen aldiz aitzinetik jartzea lortu zuten, Joao Costak entsegu-eremuan baloia uztea lortu baitzuen eta Echevarriak berriz ere horietako bat eraldatu zuen (14-21).  Mugakoak erasoan segitu zuten aldea handitu eta bonus puntua lortzeko intentzioarekin, eta marka bat gehiago egitera ere ailegatu ziren. Aurrelarien enegarren erasoan, maul bat sortu eta hogei metroz bultzatu ondoren, Julen Iglesiasek azkeneko entsegua lortu zuen emaitza 14-26koan jartzeko.

Garaipen honek Zaisa Txingudiri laugarren postuan kokatzeko balio izan dio, 19 punturekin. Aitzinetik, Eibar (36 puntu), Urgozo (32) eta La Unica B (20) ditu mugako taldeak. Orain, atsedenaldia izanen du Iñigo Camareron taldeak, urtarrilaren 11a arte. Egun horretan, Uribealdea B jasoko du Plaiaundin.

Biok Txingudik itxura hobea erakutsi zuen Durangoren kontra

Biok Txingudik Plaiaundin jaso zuen Durango, urteko azken jardunaldia jokatzeko. Ez zen erronka erraza bidasotarrentzat, lan ona egiten duen aurkaria baita talde bizkaitarra, eta hori erakutsi zuten segidan mugakoen etxean. Lehen ordu laurdenean, lau entsegu eta hiru eraldaketa lortu zituzten eta 0-26koa ezarri zuten markagailuan. Biok Txingudik azkar erantzun zuen eta entsegua egin zuen bi minutu beranduago, aldea murrizteko (5-26). Hala ere, bizkaitarrak sendo mantendu ziren eta atsedenaldia baino lehen, bertze hamalau puntu eskuratu zituzten bi entsegu eraldaturekin (5-40). 

Bigarren zatian, Durangoren intentsitateak behera egin zuen, nahiz eta baloiaren jabetza mantentzen segitu zuten. Bertze bi marka egin zituzten, 5-50ekoa jarriz. Bidasotarrek, poliki-poliki, konfidantza hartzen joan ziren etxeko zelaian eta Onintza Burgerak entsegu bat lortu zuen, Alba Saizek eraldatu zuena (12-50). Durangok segidan erantzun zuen, 12-62koa ezarriz, baina horrek ez zituen mugakoak kikildu. Saiatzen segitu zuten eta Irati Beraizen eta Alba Saizen jokaldiaren ondotik, 26-62koa ezarri zuten markagailuan. Neurketaten azken txanpan, bisitariek bertze entsegu bat egin, eta 26-67koarekin itxi zuten partidua, garaipena ere eramanez. 

Porrot batekin, baina sentsazio hobearekin bukatu du urtea Biok Txingudik. Denboraldi hasiera zaila izaten ari da, baina konfidantza hartzen ari da taldea 2026an puntu gehiago batzeko asmoarekin. Orain, hauek ere atsedenaldia izanen dute, urtarrilaren 18ra arte. Orduan, Gaztedi taldea bisitatuko du mugako taldeak. 

Gabonetako Loteriak kluba saritu du

Txingudik jokatutako 71.445 zenbakiak Gabonetako Loteriaren zozketan sari txikietako bat jaso duela jakinarazi du klubak. Txartel bakoitzak 20 euroko saria jasoko du trukean eta Behobiako 3 zenbakidun loteria administrazioan (Juan Thalamas Labandibar 16) jaso daiteke abenduaren 24tik aurrera.

Bestetik, Irun Bike Center emandako bizikletaren saria 9.432 zenbakiari egokitu zaiola jakinarazi dute baita ere. Saridunak hamabost eguneko epea du klubarekin kontaktuan jartzeko."