Zaisa Txingudik Gaztedi B jasoko du igandean Plaiaundin

2025/12/12
Txingudi Rugby Klubeko gizonezkoen senior mailako taldeak bolada txarrari bukaera eman nahi dio eta aukera paregabea izanen du horretarako asteburuan etxean. Izan ere, Zaisa Txingudik Plaiaundin jasoko du Gaztedi B, igande honetan (abenduaren 14an), 12:00etan. Urtea bukatzeko bi neurketa falta zaizkio jokatzeko mugako taldeari eta horietan garaipena eskuratuz gero, sailkapeneko goizko postuetan bukatuko luke lehen itzulia.
Zaisa Txingudik Gaztedi B jasoko du igandean Plaiaundin
Txingudi RC

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoen Zaisa Txingudi taldeak igandean, abenduaren 14an, jokatuko du Plaiaundin Gaztedi Bren kontra (12:00). Sailkapeneko goiko postuetan bukatu nahi du urtea taldeak eta horretarako, ezinbertzekoa izanen da asteburu honetan garaipena eskuratzea. Momentu honetan, zazpigarren postuan daude kokaturik, 11 punturekin guztira, baina denboraldi hasiera gorabeheratsua izan du eta azken asteetako bolada txarrari buelta eman nahi dio orain. 

Gasteiztarrak izanen dituzte mugakoek aitzinean, euren gibeletik dagoen taldea, baina hurbil hala ere. Euren kontra irabaziz gero, bidasotarrek hurbilago edukiko lituzkete sailkapeneko goiko postuak eta horixe izanen da helburua asteburuan, baita hurrengoan ere, Lasarte Oriaren kontra izanen duten urteko azken partiduan hain zuzen ere. Galduz gero, denboraldiko bigarren zati zaila izanen lukete beltz eta txuriek. 

Harrobiko taldeen hitzorduak

Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudi senior mailako emakumeen taldeak Uni Bilbo taldearen kontrako partidua jokatu behar zuen Plaiaundin ere, baina hitzordu hau gibeleratu dute beraz, asteburu honetan emakumeen taldeak ez du neurketarik jokatuko. 

Aldiz, 18 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Plaiaundin jasoko du Iruña, 2025eko azken partidua jokatzeko. Neurketa bihar ospatuko da, abenduaren 13an, 16:30ean. 16 urtez azpikoek berriz, Ordiziara bidaiatu beharko dute bertako taldearen kontra jokatzeko, bihar 13:45ean. 14 urtez azpikoak ere etxetik kanpo izanen dira. Hauek Iruñeara joanen dira, La Unicaren kontra jokatzeko, bihar 10:00etan. Azkenik, errugbi eskolako jokalariek Arrasaten izanen dira igandean, 10:30ean, Mojategi zelaian bertako taldearekin batera urteko azken hitzordua ospatzeko.