Zaisa Txingudik La Unica garaitu zuen Plaiaundin
2026/01/26
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek 26-24ko markagailuarekin garaitu zuen La Unica. Neurketa parekatu bat jokatu zuten bi taldeek, eta azken momentura arte ez zen garaipena erabaki. Iruindarrak zeuden azken jokaldian aitzinetik, eta etxekoek emaitza iraultzea eta euren alde jartzea lortu zuten, puntuak ere etxean gelditzea ahalbidetuz.
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik 26-24ko markagailuarekin garaitu zuen La Unica, azken jokaldian lortutako puntuei esker. Lehen zatian etxeko zelaian nabarmendu ziren mugakoak eta 14-10eko emaitzarekin hasi zuten bigarren zatia. Orduan, bisitariak lortu zuten partiduaren buruzagitza, nahiz eta azken jokaldian, bidasotarrek indarrak batu eta emaitza euren alde jartzeko gai izan, garaipena eta puntuak poltsikoratuz.
Hasiera paregabea eduki zuen Zaisa Txingudik, defentsan ongi jokatuz eta baloiaren jabetzarekin. Lehen hogei minutuetan, bi entsegu eraldatu zituzten, Imanol Rodriguezen eta Joao Costaren eskutik, hurrenez hurren. Bi eraldaketa Alejandro Lasak egin zituen. Horrela, 14-0ekoa ezarri zuten markagailuan bidasotarrek. Lehen zatiko azken minutuetan behera egin zuen etxeko taldeak eta iruindarrek sortutako zuloa ongi aprobetxatu zuten, markagailuan hurbiltzeko. Horrela, 14-10ekoarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta berehala hartu zuten berriz ere mugakoek partiduaren buruzagitza. Rodriguezek berriz ere entsegua egin, Lasak eraldatu eta 21-10ekoa ezarri zuten emaitzean. Hala ere, lehen zatian gertatu bezala, etxekoen indarrak behera egin zuen eta nafarrek ongi aprobetxatu zuten hori, markagailuan aitzinetik jartzeko (21-24). Iñigo Camareroren mutilek besoak jeitsi gabe segitu zuten lanean, entsegu bat beharrezkoa zutelako garaipenak ihes ez egiteko. La Unicako jokalari batek aldi baterako kanporaketa jaso zuen orduan, eta etxekoek ongi aprobetxatu zuten hori. Asier Gonzalezek baloia mara eremura eraman zuen eta, 26-24ko markagailuarekin, behin-betiko garaipena eskuratu zuen taldearentzat.
Puntuak batuta, sailkapeneko laugarren postuan dago talde bidasotarra, 28 punturekin guztira. Heldu den asteburuan, liderraren etxean jokatzea egokitu zaio Zaisa Txingudiri. Eibar bisitatuko du beraz, larunbatean, urtarrilaren 31n, 16:00etan.
Harrobiko taldeen emaitzak
Harrobiko taldeen artean, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztanek 61-12 irabazi zuen Riojaren kontra. 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Oreretak berriz, 30-7 galdu zuen Getxoren kontra. 14 urtez azpikoek ere 33-0 galdu zuten Hernaniren kontra. Eszenatoki berean aritu ziren eskolako errugbilariak. Hauek Atletico San Sebastian, Hernani eta Ordiziaren kontra aritu ziren.