Zaisa Txingudik Mutriku garaitu zuen asteburuan
Txingudi Rugby Klubeko gizonezkoen senior mailako Zaisa Txingudik Mutriku garaitu zuen, 22-34ko markagailuarekin. Garaipen landua izan zen bidasotarrentzat, hasieran nagusi izan baziren ere, minutuak pasatu ahala, etxekoek euren lekua hartu zutelako. Hala ere, besoak jeitsi gabe lanean segituta, emaitza mugakoen aldekoa izan zen partiduaren bukaeran eta puntu garrantzitsu bat lortu zuen taldeak honela.
Hogeita hamar urte baino gehiagoren ondoren bueltatu zen Zaisa Txingudi Mutrikuko San Migel zelaira. Eszenatoki berria zen gaur egungo taldea osatzen duten bidasotarrentzat eta ongi egokitu ziren bertara. Lehen zatia hasi eta berehala lortu zituzten mugakoek lehen puntuak. Alejandro Lasak ostikatutako zigor kolpe batean huts egin ondotik, bigarren saiakeran lortu zuen Aitor Asurmendik 0-5ekoa ezartzea. Bost minutu beranduago, Aritz Rodriguezek bigarren marka ere egin zuen, Lasak eraldatu zuena (0-12). Zaisa Txingudik bere nagusitasuna erakutsi zuen lehen minutuetan, baina Mutrikuk ez zuen amore eman eta emaitza berdintzea lortu zuen hurrengo jokaldiak. Aurkariaren zigor kolpe bat baliatu zuen bi entsegu eta eraldaketa bat egiteko (12-12).
Mugakoek diziplina eza erakutsi zuten eta bi jokalari gutiagorekin gelditu ziren. Orduan, etxekoek hau aprobetxatu eta aitzina hartu zuen markagailuan, ostikatutako zigor kolpe baten bidez (15-12). Txingudikoek azkar erantzun zuten eta emaitza berdindu zuten berriz ere, Lasak sartutako bertze zigor kolpe baten bitartez. Honek ez zuen luze iraun, Mutrikuk entsegua eta eraldaketa lortu zituelako segidan, 22-15koa ezartzeko atsedenaldira bidean.
Bigarren zatian berriz, bidasotarrek egoera irauli zuten poliki-poliki. Zigor kolpe gutiago eginez, jokoan sartu eta Rodriguezek bere bigarren entsegua egin zuen, Lasak eraldatu zuena, berdinketa ezartzeko markagailuan (22-22). Zazpi minutu beranduago gainera, touch-maul baten bidez, Asier Gonzalezek emaitza irauli zuen entsegu batekin (22-27). Etxekoek oraindik ere bazuten zer erran eta berdinketa lortu zuten berriz ere, mugakoen bertze jokalari bat kaleratu zutenean. Hala ere, bisitariek ez zituzten besoak jeitsi eta Asier Amigok hagen artean azken entsegu bat lortu zuen, Lasak eraldatu zuena, 22-34koa ezarriz behin-betiko.
Garaipen honekin, puntu bat gehiago batu du sailkapenean Zaisa Txingudik eta honek, dudarik gabe, konfidantza ematen dio taldeari heldu diren asteburuei aitzin egiteko. Hain zuzen ere, heldu den jardunaldia gogorra izanen dela aurreikusi dute, Zornotzako Urgozori eginen baitio taldeak bisita, igoera lortzeko hautagaietako bat dena.