Zaisa Txingudik Plaiaundin jokatzen hasiko du urtea
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonen Zaisa Txingudi taldeak 2026ko lehen hitzordua izanen du larunbat honetan, urtarrilaren 10ean. Uribealdea Bren kontra jokatuko dute mugakoeak, 16:00etan, play-offera sarbidea lortzeko helburu garbiarekin. Aurkari zuzenak dira momentu honetan bi taldeak, izan ere, bidasotarrak sailkapeneko laugarren postuan kokaturik daude, 19 punturekin, eta Mungiakoak aldiz, zazpigarren daude sei puntu gutiagorekin. Elkarrengandik gertu daude, baina etxekoak abantailarekin zelairatuko dira, hamahiru puntura baitu bigarren postua.
Zaisa Txingudi eta Uribealdea taldeek ongi ezagutzen dute elkar. Pasa den denboraldian, bidasotarrak Mungian irabazteko gai izan ziren, baina etxean ordea, galdu egin zuten. Oroitzapen horiek bilduta eta duten jakintzaz baliatuta, puntuak batzen saiatuko dira Iñigo Camareroren mutilak, igoera fasea jokatzeko helburua lortzeko saiakera sutsuan.
Aldaketak finkatzeko urtea taldearentzat
2025/26 denboraldia aldaketak finkatzeko momentua izan da Zaisa Txingudirentzat. Taldera bueltatu diren jokalariez gain, staff teknikoan ere aldaketak izan dira, Marc Dufrècheren gehitzea tartean. Dufrèche Donibane-Lohizunen jaiotakoa da (1971) eta Stade Hendayais taldean hasi zuen bere ibilbidea, futboletik errugbira pasatzerakoan. Ikasketengatik Baionara joan zen ondotik eta han, Aviron Bayonnaisen jokatu zuen, 1993 urtera arte. Orduan, Hendaiara bueltatu zen denboraldia bukatzera eta gero, Stade Montois eta Boucau-Tarnosen ere jokatu zuen. Itsasoa zeharkatzeko momentua ailegatu zitzaion orduan jokalariari eta Australiara joan zen, Melbourne University taldean jokatzera, ikasketa gehigarriak burutzen zituen bitartean. Estatu Batuetan ere izan zen ondotik, Gentlemen of Aspen eta San Francisco Golden Gate taldeetan eta bere jokalari ibilbideari bukaera Parisen eman zion, Racing taldean. Lesioak tarteko, errugbia utzi behar izan zuen eta entrenatzaile gisa hasi zen lanean. Baionara bueltatu zen horretarako, gazteekin lanean aritzera, eta Stade Hendayaisen ere izan zen, kazetari lanekin uztartuz entrenatzaile bizia, Journal du Pays Basque, L’Équipe, Rugbyrama, Midi Olympique edo Sud Ouest hedabideetan hain zuzen ere. Esperientzia guzti hau bildu ondotik, Zaisa Txingudin ari da orain bere lana geratzen, Euskal Ligan duen lehen esperientzia bizitzen.
Nortasun handiko taldea
Zaisa Txingudiko jokalariek aurtengo aldaketak positiboki baloratu dituzte. Xabi Sanchezek, adibidez, Dufrechen lana goraipatu du: “Marc taldearen indarguneak ustiatzen dituen joko estiloa aplikatzen ari da, aurrelariei protagonismo handia emanez eta bertikaltasun handia landuz hiru laurdenekin”. Gehitu duenez, “nabaria izan dira pasa den urtean Leire Muñoz Caok eta, denboraldiaurrean, Tom Walshek gurekin landutako oinarriak, estilo berri honi azkarrago moldatzea lagundu baitigu”. Muñozek eta Walshek ez dute aurten taldearekin lanean segitzen, bateragarriak ez diren bertze ardurak dituztelako biak. Hala ere, mutilen lana gertutik jarraitzen dute. Iñigo Camarero entrenatzaileak segitzen du taldea gidatzen, azken urteetan egindako lanari jarraipena emanez eta hobetuz, meléekin gertatu bezala. Jokalariei egonkortasuna ematen die Camarerok, baita ordina ere, eta horrela adierazi du Sanchezek: “Taldearen antolaketaz arduratzeaz gain, oso ondo ezagutzen gaitu eta badaki zer eskatu behar digun gutako bakoitzari %100 eman dezagun”.