Zaisa Txingudik urteko lehen garaipena eskuratu zuen Plaiaundin

2026/01/13
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek 43-0 irabazi zioten Uribealdea Bri, Plaiaundin jokatutako 2026 urteko lehen jardunaldian. Etxekoek hasieratik menderatu zuten partidua eta erritmo azkarra zelairatu zuten bukaera bitarte. Aurkariari aukerarik eman gabe jokatu zuten eta denboraldiko lehen itzulia garaipen sendo batekin amaitzea lortu zuten, sailkapeneko hirugarren postuan.
Zaisa Txingudik urteko lehen garaipena eskuratu zuen Plaiaundin
Zaisa Txingudi 43
0 Uribealdea B

Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik 43-0 irabazi zuen, pasa den larunbat arratsaldean Plaiaundin, Uribealdea B taldearen kontra. Euskadiko bigarren mailako lehen itzuliko azken partidua zen eta garaipen sendo batekin bukatzea lortu zuen mugako taldeak. Pasa den denboraldian bi neurketa zail jokatu zituen aurkari beraren kontra eta oraingo honetan, hau erraz menderatzea lortu zuten Iñigo Camareroren mutilek. Garaipena lortuta, sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira orain, 24 punturekin, bigarren postutik hamahirura. 

Uribealdearen kontrako partiduak gogorrak direla jakinda zelairatu zen Zaisa Txingudi pasa den larunbatean Plaiaundin. Indarrez eta erritmo biziarekin hasi ziren jokatzen ordea, eta hirugarren minutuan lehen marka lortu zuen Iñigo Camareroren taldeak, Alejandro Lasaren eskutik. “Lutxo” Echevarriak eraldaketa egin eta 7-0ekoa ezarri zuten markagailuan. Honen ondotik, Mungiakoek emaitza berdintzeko aukera izan zuten, baina etxekoek baloia lapurtu zuten. Jokaldi horrekin metroak irabazten joan ziren bidasotarrak eta defentsan zuloa aurkituta, Echevarriak entsegua eta eraldaketa lortu zituen, 14-0koa ezarriz. Jokoaren buruzagitza edukita lanean segitu zuten Txingudikoek eta, 33. minutuan, hiru laurdenen konbinazio berri batean, Lasak ostikada bidez baloia defentsaren atzealdera bidali zuen eta Ekain Hiribarrenek aukera aprobetxatuta hirugarren entsegua lortu zuen (19-0), atsedenaldira ailegatzeko. 

Bigarren zatian, erritmo bizi bera mantendu zuen Iñigo Camareroren taldeak eta puntuak batzen segitu zuten hasieratik. Joao Costak aitzinera egin zuen baloiarekin eta defentsa hautsita, laugarren entsegua lortu zuen (24-0). Nagusitasun hau lesioetatik berreskuratzen ari diren jokalariei minutuak emateko aprobetxatu zuten bidasotarrek eta defentsan aritu behar izan zituzten hurrengo minutuetan. Hala ere, 64. minutuan, aurrelari eta hiru laurdenen konbinazio berri batek Koldo Segurolari puntuak lortzeko aukera eman zion (29-0) eta, sei minutu beranduago, Lasak defentsa hautsi zuen berriz ere, Juan Carlos Lorari baloia emanez entsegua lortzeko. Lasak berak eraldatu zuen entsegua 36-0koa jartzeko balio izan zuen. Alde izugarri honek indarra eman zion taldeari eta aurkariari aukerarik eman gabe segitu zuten lanean. Costak Jon Mediavillari eman zion baloia eta honek entsegua egin zuen, Lasak eraldatu zuena, 43-0ekoa ezartzeko. Partiduaren bukaeran, azken jokaldian, bertze entsegu bat lortzeko puntuan egon zen etxeko taldea, baina bizkaitarren defentsa azkar ibili zen eta hura sahiestu zuen. 

Azkenean, 43-0ekoa behin-betiko markagailuarekin irabazi zuen Zaisa Txingudik eta lau puntuez gain, bonus puntu bat ere lortu zuen taldeak hiru entsegu baino gehiagoko aldearekin garaitu zutelako Uribealdea B. Honekin guztiarekin, bidasotarrak 24 puntu dituzte guztira sailkapenean eta hirugarren postuan kokatu dira, bigarrenetik hamahirura eta laugarrenarekin berdinduta. Hurrengo asteburuan atsedenaldira izanen dute eta urtarrilaren 25ean bueltan izanen dira, etxean berriz ere, La Unica taldearen kontra. Biok Txingudik berriz, Gaztedi bisitatuko du hurrengo asteburuan, Lakuan, igandean (urtarrilaren 18an) 12:00etan.