Zaisa Txingudiren akatsak ongi aprobetxatu zituen Urgozok garaipena eskuratzeko

2026/03/03
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizoenzkoek 19-22ko markagailuarekin galdu zuten, larunbatean Plaiaundin, Zornotzako Urgozo taldearen kontra. Garaipena eskura izan zuen etxeko taldeak, denboraldi honetako neurketarik onena jokatu ondotik. Hala ere, egindako akatsak ongi aprobetxatu zituen aurkariak eta hark eraman zuen azkenik garaipena, baita jardunaldiko puntuak ere.
Zaisa Txingudiren akatsak ongi aprobetxatu zituen Urgozok garaipena eskuratzeko
Zaisa Txingudi 19
22 Urgozo
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik 19-22ko markagailuarekin galdu zuen, larunbat arratsaldean Plaiaundin, Zornotzako Urgozo taldearen kontra. Udaberri giroan jokatu zen final baten antzerakoa zen norgehiagoka eta etxeko taldeak denboraldiko partidurik onena jokatu zuen. Garaipena eskuratzear ere egon zen, baina azkenean, egindako akatsak ongi ordaindu zituen eta puntuak Zornotzara joan ziren. Bi taldeak lan ona egiteko prest zelairatu ziren eta ez zuten hutsik egin helburu horretan. Bizkaitarrak izan ziren puntuak irabazten lehenak, aurrelariekin gogor sartuz eta metroak irabaziz lortu zuten lehen entsegua hasi eta bost minutura (0-5). Etxekoek zuzenean erasora jo zuten orduan, eta bederatzigarren minutuan, Carlos Lorak entsegua egin eta “Lutxo” Echevarriak eraldatu zuen, 7-5ekoa ezarriz. Berdintasuna izan zen nagusi hurrengo jokaldietan, baina hogeita seigarrenean berriz, mugakoen hiru-laurdenek bizkaitarren defentsan zuloa aurkitu eta tartea ireki zuten markagailuan, Ekain Hiribarrenen bidez. Echevarriak, bigarrenez, hagen artera bidali zuen baloia eta beraz, 14-5eko emaitza lortu zuen taldeak. Aurkaria jokalari bat gutiagorekin gelditu zen herringo minutuetan, baina Txingudik ezin izan zuen hori ongi aprobetxatu. Urgozo, behera etorri beharrean, handitu egin zen eta bigarren marka lortu zuen lehen zatiaren bukaerarako, atsedenaldira 14-10ekoarekin joanda. Bigarren zatian lehen minutuetako intentsitatea errepikatu zen bi taldeen aldetik, eta kasu honetan ere, puntuak batzen lehenak bisitariak izan ziren. Urgozok kolpe gogorra eman zion etxeko taldeari hirugarren entsegu honen bitartez eta, berriz ere, aitzina hartu zuen markagailuan (14-15). Amore eman gabe lanean segitu zuten etxekoek eta 19-15ekoa ezartzeko gai izan ziren Koldo Segurolak egindako entseguaren bitartez. Bi taldeen indarren parekotasunak garaipena alde batera edo bertzera bideratzeko aukera ematen zuen eta biak ere esfortzu handiz aritu ziren puntuen bila. Hala ere, azkar jokatutako zigor kolpe batean, defentsa antolatu gabe zuela harrapatu zuen Urgozo Zaisa Txingudi eta hori aprobetxatuz, Zornotzakoek 19-22koa ezarri zuten azken minutuetan, garaipena etxera eramanez. Denboraldiko partidurik onena jokatu arren, porrota jaso zuen mugako taldeak eta honek zaildu egin dizkio igoera fasea jokatzeko aukerak. Promozioa jokatzea ahalbidetzen duten postuetatik hamasei puntura daude bidasotarrak eta Liga bukaera bitarte, hogeita bost dira jokoan izanen diren puntuak. Zaila dela jakinda ere, lanean segituko du taldeak eta dagoeneko asteburuko hitzordua prestatzen ari da. Larunbatean, martxoaren 7an, Bilbora bidaiatuko du, Uni Bilbo Cren kontra lehiatzeko. Harrobiko taldeak ez ziren fin ibili Lekarozen 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak 15-40ko markagailuarekin galdu zuen, asteburuan Lekarozen, Bera Bera taldearen kontra. Donostiarrek kontrolpean eduki zuten aurkaria neurketaren hasieratik eta mugakoek, jarrera ona erakutsi bazuten ere, ezin izan zioten aurre egin aurkariaren indarrari. 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak ere 5-44 galdu zuen Bera Beraren kontra, lehen itzuliko partiduan erkautsitako jarrera eta maila hobea izan bazuten ere.