SUFRITUTA, DENBORALDIKO BIGARRENA
Errugbia

SUFRITUTA, DENBORALDIKO BIGARRENA

Azken minutuan Roman Solisen entseguak neurketa Txingudi Errugbi Klubaren alde erabaki zuen. Bera Bera B-ri 32-28 nagusitu zen talde bidasotarra.

Larunbatean Zaisa Txingudik Bera Beraren aurka jokatu zuen Plaiaundin. Elkar oso ondo ezagutzen duten eta joko maila oso antzekoa duten bi talderen arteko partida oso lehiatua izan zen. Zaisa Txingudi oso motibatuta zelairatu zen eta lehen jokaldian Alejandro Lasak defentsa lerroa haustea lortu zuen Roman Solisek lehen entsegua egin zezan. Ugo Poncinik zigor kolpea gauzatu zuen eta lehen mintuetan, Txingudi Errugbi Kluba 7-0 markagailuan aurretik jarri zen. Txingudik jabetzaren nagusitasunarekin eta presio handiarekin jarraitu zuen. 6. minutuan, Adur Manterolak eskuan jokatzea erabaki zuen zigor kolpe batean, jokaldia Erik Gonzalezen entseguarekin amaitu zen. Berriz ere, Ugo Poncinik zigor kolpearekin asmatu eta etxeko taldea 14-0 aurretik jarri zen.

Hortik aurrera, Bera Bera erreakzionatzen hasi zen eta horren ondorioz 13. minutuan zigor kolpe batean zutoinetara jaurti eta lehen 3 puntuak lortu zituzten (14-3); 17.minutuan, aldiz, Txingudik beste zigor kolpe bat jaso zuen eta Ugok hirugarren zigor kolpea asmatzea lortu zuen (17-3). 

Txingudi Errugbi Klubak markagailuan aldea bazuen ere, norgehiagokak berdinduta jarraitu zuen lehen zatiko bigarren zatitik aurrera Txingudik huts gehiegi egin zituen (Bera Berak, aldiz, ez zuen gehiago egin lehen zatian). Akerrek geroz eta metro gehiago galtzen hasi ziren eta 24. Minutuan Bera Beraren eguneko lehen entsegua iritsi zen (17-8). 26. minutuan arazo gehiagotan sartu zen Txingudi Rugby Kluba. Keoma Pachecok aurrera jo zuen baloia eta nahi gabe izan bazen ere, epaileak ez zion txartel horia barkatu. Jokalari bat gutxiagorekin 10 minutu igoaro zituen Txingudi Errugbi Klubak eta Bera Berak aukera galdu gabe, entsegu berri bat egin zuen 31. minutuan (17-15). Horrela iristen zen atsedenaldira, markagailu estu batekin eta dena erabakitzeke.

Bigarren zatiko lehen minutuak Txingudirentzat izan ziren berriro eta 42. minutuan Bera Berak egindako zigor kolpetik Ugo Poncinik 20-15koa egin zuen. Txingudik nagusitzen jarraitzen zuen eta 50. minutuan, Bera Beraren akatsa baliatu zuen. 22 puntuko tartean, Unai Herrerok baloia ostu zuen eta zuzenean entseguko marra gainditu zuen. Ponciniren zigor kolpearen bitartez, 27-15 aurreratu zen Txingudi Errugbi Taldea.

Edonola ere, neurketa ez zegoen batere erabakita. Txingudik falta asko egiten jarraitzen zuen eta Bera Berak beste hiru puntu sartu zituen 55. minutuan. (27-18). 59. minutuan, minutu erabakigarrenak iristear zirela, Julen Iglesiasek txartel horia ikusi zuen eta 14 jokalarirekin utzi zituen etxekoak. Bera Bera egoeraz baliatu zen eta 65. minutuan 27-25koa ezartzen zuen entsegua lortu zuten.

15 minutuko partida geratzen zen eta Bera Bera berdinketatik 2 puntura zegoen. Txingudik hutsegite asko egiten jarraitzen zuen eta kosta egiten zitzaion jabetza mantentzea. 76. minutuan Bera Berak zigor kolpea jo zuen eta markagailuan aurretik jarri zen, neurketan lehen aldiz (27-28).

Erdialdeko sakearen ondoren, Txingudik azken puntuak egiteko ahaligentan, zigor kolpe bat eragin zuen. Ugo Poncinik, orain arte zigor kolpe guztiak gauzatutakoak, makiletara jaurtitzera ausartu zen. Haizeak ez zuen baloiaren ibilbidea lagundu eta zutoinean jo zuen, baina etxeko jokalariak arinago ibili ziren errebotea jasotzeko eta Roman Solis kapitainak, 79.minutuan, azken 32-28ko markagailua ezarri zuen.

Azken minutuan erdietsitako garaipena izan zen. Merezitakoa eta borrokatua izan arren, Iñigo Camarerok adierazi duenaren arabera, “zapore gazi-gozoa” uzten duena; izan ere, Txingudi Errugbi Klubeko entrenatzailearen aburuz, “neurketan zehar zigor kolpe gehiegi eskaini genituen, gehienak ekidin zitezkeenak”. 

DURANGOK TXINGUDI ERRUGBI KLUBA TXIKITU DU
Errugbia

DURANGOK TXINGUDI ERRUGBI KLUBA TXIKITU DU

Denboraldi honetan oraindik galdu ez duen Nissan Durango taldeak 44-7 irabazi zion Txingudi Errugbi Taldeari.

Neurketa zinez zaila zuen aurretik Txingudi...

SUFRITUTA, DENBORALDIKO BIGARRENA
Errugbia

SUFRITUTA, DENBORALDIKO BIGARRENA

Azken minutuan Roman Solisen entseguak neurketa Txingudi Errugbi Klubaren alde erabaki zuen. Bera Bera B-ri 32-28 nagusitu zen talde...

MELEAK BUELTAN DIRA
Errugbia

MELEAK BUELTAN DIRA

Hiru aste jokatu gabe egon ostean, Txingudi Errugbi Klubak Euskadiko Senior Ligako jardunaldi berria jokatuko du larunbatean. Denboraldi-aurrean aurkari izan zuen...

TXINGUDI ERRUGBI KLUBAREN ETA GERNIKAREN ARTEKOA BERTAN BEHERA
Errugbia

TXINGUDI ERRUGBI KLUBAREN ETA GERNIKAREN ARTEKOA BERTAN BEHERA

Euskadiko Errugbi Federazioak jokatzeko baimena duen arren, klubek bi udalerriak zonalde gorrian daudela kontuan hartu eta neurketa bertan behera uztea adostu...

AKERREK 5 PUNTU BATU DITUZTE
Errugbia

AKERREK 5 PUNTU BATU DITUZTE

Txingudi Errugbi Klubak denboraldiko lehen garaipena erdietsi du asteburuan Atletico San Sebastian/Hernani 31-12 menderatu eta gero.

Asko izerditu eta lan...

SARAKO IZARRA NAGUSI PLAIAUNDIN
Errugbia

SARAKO IZARRA NAGUSI PLAIAUNDIN

Lapurtarrek, ez ohiko moduan etxean, Txingudi Errugbi Kluba 21-5 gailendu zen. Neurketa uste baino estuago joan zen atsedenaldira, bidasoatarrek aurre egin zioten...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika