Transdipe Txingudi/Orereta/Baztan taldea Euskadiko txapeldunorde
Gasteizko Lakua-3 zelaian ospatu zen Euskadiko Txapelketa asteburuan. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako txapeldunak sailkatu ziren final hau jokatzeko, Getxo, Gaztedi eta Transdipe Txingudi/Orereta/Baztan taldeak hain zuzen ere. Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko taldeak Getxo izan zuen aitzinean lehen partiduan. Bizkaiko txapelduna hasieratik izan zen nagusi, baloiaren jabetza ere minutu luzez mantendu zuen eta mugakoek zailtasunak izan zituzten aurkaria gelditzeko, defentsan ongi aritu baziren ere. Partidua bostgarren minutuan lortu zuten bizkaitarren entsegu eraldatu bat egitea eta aitzina hartu zuten markagailuan honela, 7-0arekin. Txuribeltzak azkar erantzuten saiatu ziren eta zituzten aukerak aprobetxatzen, baina ezin izan zituzten hauek errematatu eta markagailua bere horretan mantendu zen bukaera bitarte.
Bigarren partiduan, Getxo eta Gaztedi izan ziren aurrez aurre. Bizkaiko taldeak Arabakoa gainditu zuen, 28-5eko markagailuarekin eta, matematikoki, eskuratua zuen Euskadiko Txapelketa. Hala ere, bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko partidua falta zen, Transdipe Txingudi/Orereta/Baztan eta Gaztediren artekoa. Mugakoek ez zioten aukerarik eman aurkariai eta hasieratik agintzen hasi zen. Lehen jokaldian, Giovani Ciurarrek 5-0ekoa ezarri zuen eta segidan, Omar El-Mossaouirek entsegua egin eta Galder Eizaguirrek eraldatu zuen, 12-0ekoa lortuz. Eizaguirrek berak, hiru minutu beranduago, bertze entsegu eraldatu bat egin zuen eta Markel Celestinok ere marka lortu zuen, Eizaguirrek berriz ere eraldatu zuena (26-0). Atsedenaldia baino lehen, gasteiztarrek erantzun eta lehen entsegu eraldatua lortu zuten, 26-7koa ipiniz.
Bigarren zatian, bidasotarrek euren indarra erakutsi zuten berriz eta aldeak irekitzen segitu zuten, Ciurraren entsegu batekin, Beñat Tristanek eraldatu zuena (33-7). Gaztedik aldeak murriztu zituen entsegu eraldatu batekin, baina mugakoek berriz ere berreskuratu zuten beren nagusitasuna, Eizaguirre eta Tristanen bitarte (40-14). Azken jokaldian, arabarrek bertze zazpi puntu poltsikoratu zituzten, baina ez zen nahikoa izan Txingudikoei garaipena kentzeko eta, 40-21eko markagailuarekin irabazita, mugakoak izan ziren Euskadiko txapeldunordetza eskuratu zutenak.
Urtats Mendizabal eta Xian Aizpurua kapitain lanetan aritu ziren larunbatean, eta bigarren postuari dagokion saria partekatu zuten taldekide eta Gasteizera hurbildu ziren zaleekin. Markel Aizpurua, Aiur Callao, Oihan Sanchez, Omar El Mossaoui, Unai Aizpurua, Oier Goenaga, Urtats Mendizabal, Marcos Viñuela, Markel Orbegozo, Anie Pascaru, Urko Prieto, Julen Alejandre, Markel Celestino, Beñat Tristan, Unax Obeso, Telmo Bereciartua, Galder Eizaguirre, Greta Gutierrez, Giovani Ciurar, Goretti Lekuona eta Paula da Purificaçao aritu ziren Txingudiren aldetik; Enai Irastorza, Eki Galarraga eta Xian Aizpurua, Orereta ordezkatzen; eta Baztango Urko Apezetxea, Pau Martinez, Adei Usandizaga eta Aimar Vicondo aritu dira baita ere denboraldi honetan.