3.700 korrikalarik parte hartuko dute igandean Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan
2026/10/22
Igande honetan, urriaren 25ean, ospatuko da Hondarribia Kirol Taldeak eta Ur-Joko elkarteak antolatutako Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren XXVII. edizioa. Iaz bezala, 3.700 lasterkarik parte hartuko dute proban, maiatzean dortsalak bukatu ondotik. Behobia-Donostiarako prestaketa moduan hartuko dute horietako aunitzek; bertzeek ordea, muga administratiboak gainditzen dituen lasterketa aldarrikatzaile gisa.
Hondarribia Kirol Taldeak eta Ur-Joko elkarteak elkarlanean antolatutako Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren XXVII. edizioa ospatuko da igande honetan, urriaren 25ean. Maiatzean agortu zituzten dortsal guztiak eta horrela, iaz bezala, 3.700 lasterketarik parte hartuko dute gure eskualdeko txokorik ederrenetako batean korrika. Kirol jarduera izanda, aunitzek azaroaren 8an ospatuko den Behobia-Donostia probarako entrenamendu moduan erabiliko dute igandeko lasterketa. Bertze aunitzek ordea, Donibane Lohitzune-Hondarribiak duen sinbolismoari erreparatuko diote gehiago, muga administratiboak gainditzeko eta horiek ezabatzea aldarrikatzeko, alegia.
Lehen ediziotik 27 urte pasatu badira ere, Jon Zubiaur Hondarribia Kirol Taldeko ordezkariak erran duenez, “filosofia bera mantentzen du lasterketak”. Hondarribia Kirol Taldearen eta Ur-Jokoren elkarlanari esker aitzinera eramaten den ekimena dela oroitarazi du eta, alde horretatik, hau posible egiten duten guztiei eskerrak ematen hasi zuen igande honetan ospatuko den lasterketaren aurkezpena. Antolatzaile eta babesleez gain ere, bolondres gisan aritzen diren 200 pertsona baino gehiago eskertu zituen, “haiek gabe ezingo genukeelako lasterketa hau kudeatu”.
Izan ere, jende andanak parte hartuko du aurten ere Donibane Lohitzune-Hondarribia lasterketan. “3.700 korrikalarik parte hartuko dute. Dortsalak maiatzean agortu ziren eta eskera askoz gehiago jaso baditugu ere, aurreko urteko kopuru bera mantendu dugu”, jakinarazi du Zubiaurrek. Jendea dortsalik gabe uzteko erabakia hartzea ez da erraza izan, baina antolatzaileak azpimarratu duenez, “lehentasuna segurtasuna bermatzea” da eta korrikalari gehiagorekin, zaildu eginen litzateke neurri guztiak betetzea. Horrez gain, antolatzaileak elkarteak diren heinean, beraien mugak badituzte eta anbiziotsu izateak lasterketari kalitatea kenduko liokeela iritzi diote.
Edonola ere, eskualdean dugun lasterketarik jendetsuenetako da eta Zubiaurrek adierazi duenez, “25 herrialde baino gehiagoko korrikalariak” etorriko direla proban parte hartzera. Ibilbidea berriz, aurreko edizioetako bertsua dela adierazi du: “Donibane Lohitzunen izanen du irteera eta Ziburu pasatuta, Erlaitzan barrena ibiliko dira lasterkariak. Gero, Hendaia, Irun eta Hondarribia zeharkatuko dituzte”. 10:00etan hasiko da proba eta lehen korrikalariak Hondarribiko helmugara 11:00etarako ailegatzea aurreikusi dute. Antolatzailek azkenik, helburu solidarioa duen ekimena dela oroitarazi du: “Dortsalaren euro bat solidarioa da. Gipuzkoako Elikagai Bankura eta Mindara aktibitate fisiko inklusiboa bultzatzen duen elkarteari bideratuko zaie dirua”.
Behobia-Donostia prestatzeko hitzordua izan ohi da Donibane Lohitzune-Hondarribia lasterketa. Baina kirol jarduera baino gehiago dela ere aipatu du Lupe Queiruga Hondarribiko Udaleko kirol zinegotziak: “Ibilbide ikusgarriak esanahi sinboliko sakona du. Gure euskal lurraldea bereizten duen muga administratibo zeharkatzen du eta senidetasun leku bihurtu”. Horrela bada, aldarrikapenerako baliatuko dute aunitzek hitzordua, parte hartzen duten batzuk, baina baita errepide bazterrean korrikalariak animatzen egonen diren bertze batzuk ere.