300 korrikalari baino gehiago izanen ditu Xabier Rekarte `Kaxtel´-en omenez Erratzun antolatutako mendi lasterketak

2026/10/21
Guztira 511 parte hartzailek eman dute izena urriaren 24an Erratzun ospatuko den mendi lasterketan eta oinezko martxan. Hamar urte dira Xabier Rekarte Kaxtel herritarra zendu zela eta bere izena ekarri nahi izan dute oroimenera egun osoko egitarauaren bitartez. Ekitaldi nagusiena, 44 kilometro luze eta 3.000 metroko desnibela izanen dituen mendi lasterketa izanen da, Erratzuko mendi garrantzitsuenak zeharkatuko dituena ibilbide zirkularra.
300 korrikalari baino gehiago izanen ditu Xabier Rekarte `Kaxtel´-en omenez Erratzun antolatutako mendi lasterketak
Kaxtrail mendi lasterketa ospatuko dute Erratzun larunbat honetan, urriaren 24an. Hamar urte bete dira Xabier Rekarte Kaxtel zendu zela eta bere izena gogora ekarri nahi zuten haren bizilagunek, mendiaren, auzolanaren eta besta giroaren bueltan antolatutako zenbait ekitaldirekin. Horrela sortu zen 44 kilometro luze eta 3.000 metroko malda positiboa izanen duen mendi lasterketa egitearen ideia. Hori izanen da ekitaldi nagusiena, baina ez bakarra. Izan ere, oinezko martxa bat, haurrentzako puzgarriak eta kontzertuak ere antolatu dituzte Rekarte omentzeko. Urtebete darama Erratzuko herritar talde batek Xabier Rekarte Kaxtel bizilaguna omentzeko eguna ospatzeko antolaketa lanetan. Estebe Apezetxe antolatzaileetako batek kontatu duenez, “duela hamar urte hil zen herrian arras maitatua genuen lagun bat, Xabi Kaxtel, eta zerbait egin nahi genuen. Arras pertsona herrikoia zen bera, beti laguntzeko prest zegoena eta herriko aferetan arras inplikatua zegoena. Ez zen mendi lasterkaria, baina bai arras mendizalea, eta beti izan zuen burutan Erratzutik Auzara, herriko mendi nagusira, joaten zen kilometro bertikala antolatzea. Horrela hasi ginen pentsatzen mendiaren inguruan zerbait antolatuko genuela eta mendi lasterketa egitea erabaki genuen”. Hala ere, omenaldia mendi proba bat baino gehiago izatea nahi zuten eta horregatik antolatu dituzte “arratsean izanen diren kontzertuak” ere. “Kaxtel aise gauza gehiago ere bazen, bestazalea tartean, eta besta giroan eginen zen ospakizun egun oso bat nahi genuen, bera ezagutu izanagatik eta bera oroitzeko egun polit bat”, gaineratu du Apezetxek. Auzolana izan da egun hau antolatzeko ardatz nagusia. Erratzu herri ttiki bat den heinean, herritarren inplikazioa beharrezkoa da kontu aunitzetarako eta, oraingo honetan ere, horrela izan da: “Herritar talde bat antolatu gara. 10-15 lagun bildu gara talde motorrean, baina egunean berean aise jende gehiago arituko gara lanean. Urtebetean ere jende aunitz bildu gara auzolanean bideak garbitzeko. Egun hau antolatzeak herrikoak elkartu gaitu. Herri elkartu bat da Erratzu eta horrelako gauzak antolatzeak ilusioa pizten du herritarren artean”. Hain zuzen ere, lasterketa egunerako giroa pizteko asmoz, urtebete honetan hainbat ekitaldi desberdin antolatu dituzte, batez ere mendi lasterketaren ibilbidea ezagutzera emateko. Apezetxek erran duenez, “bi ateraldi egin ditugu. Maiatzean egin genuen lehena, ibilbidean lehen zatia ezagutzeko. Bigarrena berriz, ekainean, bigarren zatia ezagutzeko. Hau lasterka egin genuen, Oihana Azkorbebeitiaren laguntzarekin eta bietan ere, jende aunitz bildu zen”. Horrela beraz, aitzinetik egindako lanaren balorazio positiboa egin dute dagoeneko antolatzaileek. 44 kilometro luze eta 3.000 metroko desnibela duen mendi lasterketa Aipatu bezala, arrakasta bildu duen mendi lasterketa izanen da egunaren ekitaldi nagusia. Izen emateak itxita, guztira 300 lagun baino gehiago arituko dira lasterketa 44 kilometro luze eta 3.000 metroko desnibela izanen duen ibilbidean. Horrez gain, 140 inguruk eginen dute oinezko mendi martxa eta beraz, guztira 511 parte hartzaile izanen dituzte antolatutako bi kirol probek. Apezetxek erran bezala, “Erratzun ez gara 500 pertsonara ailegatzen eta bertze hainbertze etorriko zaizkigu proban parte hartzera. Eguraldiak laguntzen badu, baita ikustera ere”. Dituzten baliabideekin hurbiltzen direnei beharrezko guztia eskaini ahal izateko, “gehienezko kopurua” jarri zutela ere onartu du antolatzaileak eta, orokorrean, “pozik daudela” guztiarekin, bai antolatutakoarekin, baita jendeak izan duen erantzunarekin. Erratzuko mendi garrantzitsuenak zeharkatuko dituen ibilbide zirkularrak piztu du interes gehien momentuz, eta hor izanen dute parte hartze gehiena ere. Ez da izanen edonork egin dezakeen proba, baina bakarka edo bidanazka egiteko aukera zabaldu diete korrikalariei, parte hartzea errazteko asmoz: “Erratzun alimaleko zortea dugu eta mendi inguru zoragarria dago. Bide zirkular baten bidez, mendi guztiak zeharkatzea zen helburua eta hori kilometro gutiagorekin egitea ezinezkoa zen. Horrek ekarri du ibilbide gogorra izatea, luzeran eta desnibelean, baita alde teknikoan ere, jaitsiera teknikoak daudelako. Ez da ibilbide erraza, beraz, eta horri aurre egiteko, bidanazka egiteko aukera eskaintzea erabaki genuen, ez genuelako nahi guti batzuk soilik egin ahal izatea. Izpegiko lepoan izanen da erreleboa, kotxez ailegatzeko erraza delako eta 20 kilometroko bi zati gelditzen direlako horrela. Honek aunitz zabaldu du parte hartzea eta jende gehiagok izena ematea ahalbidetu du”. 140 izanen dira bakarka egitea erabaki dutenak eta 120 bikotek eginen dute binaka, 240 korrikalarik alegia. Gizonezkoek osatutako bikoteak izanen dira batzuk, emakumezkoek osatutakoak bertzeak eta mistoak ere egonen direla argitu du Apezetxek. Bikote multzo bakoitzari “gehienezko topea” jarri ziotela ere adierazi du, “emakumeen parte hartzea sustatu” nahi zutelako eta hori ere lortu dutela azpimarratu du. Parte hartzea zabaltzearen ideia horri segituz, oinezko mendi martxa ere antolatu dute, 24 kilometroko izanen dena. Antolatzaileak jakinarazi duenez, “lehen zatia ez da lasterketaren ibilbidetik pasatuko, baina Auza inguruan biak elkartuko dira eta azkeneko kilometro guziak berak izanen dira”. Lasterketa soil bat baino gehiago izatearen helburua bete dute honekin ere eta 140 lagunek eman dute izena. Mendi lasterketa bat baino gehiago den eguna Erratzuarrek egitarau borobila prestatu dute urriaren 24rako, mendi lasterketa bat baino gehiago izatearen helburu hori jarraiki. 8:00etan hasiko da eguna, mendi lasterketa osatuko duten korrikalarien abiatzearekin. Ezkila jotzea izanen dute lagun, herriko ohiturak presente egotea nahi izan dutelako, eta horrek berezi eginen duelako lasterketa bera. 8:30ean berriz, oinezkoen ateraldia hasiko da. Behin lasterkariak “lekutzen” direnean, haurrentzako puzgarriak izanen dira eta ondotik, arratsaldez, emanen zaio segida egitarauari. 18:00ak alderako proba bukatutzat emanen dute eta orduan, hasiko da sari banaketa. 19:30ean, Kaxtel-i omenaldia eskainiko diote eta 20:00etan, Bide Batez erromeria taldearekin dantzaldia egonen da. Bukatzeko, eta besta giroan murgilduta, Ufestuek talde erratzuarraren kontzertua izanen dute, aspaldian oholtza gainera igo gabe daudenak, eta Fifi&Fefa DJ-ak arduratuko dira musikaz gaupasan zehar. Estebe Apezetxek adierazi duenez, ospakizun honekin “mugitu dena handia da. Ekonomikoki hainbat enpresek lagundu gaituzte eta arras kontent gaude horrekin. Indar handia izan du herri inguruan eta ibilbidea ere polita da”. Lasterketak berak mendi kirolen egutegian leku bat izan dezakeela badakite antolatzaileek, baina hasieratik hartutako erabakia da edizio bakarra egitea eta adostutako horrekin seguru daudela onartu dute: “Lana eta esfortzua da eta omenaldi gisa egitea pentsatu genuen. Gero ikusi dugu arrakasta izan duela eta honek bere xokoa izan dezakeela, baina hasieratik hartutako erabakia da eta horrekin segituko dugu”. Horrela beraz, parte hartzaileek, Erratzura hurbiltzen diren ikusle eta animatzaileek eta herritarrek ere gozatzeko eguna izanen da, soilik behin eginen den ekitaldia dela jakinda, horrek ematen dion berezitasunarekin.