525 korrikalarik hartuko dute parte Berako Mendi Maratoi Erdiko XX. edizioan
2026/04/17
Lasterketa igandean 9:30ean abiatuko da. Kanttonberri karrikatik, 21 kilometrotan batuko dituzte Manttale, Ibardin, Usategieta, Larhun Ttiki eta Larhungo tontorrak. Dortsal guztiak saldu dituzte XX. edizioan. Gaztetxoenek ere parte hartu ahal izanen dute Gazte Trail eta Ttiki Trailen bidez.
Bera inguratzen duten mendiek hogeigarren urtez jasoko dute ehundaka korrikalariren bisita udaberri honetan. Guztia prest daukate Manttale mendi lasterketa taldekoek 525 lasterkariri harrera egiteko. Aurten berezia izanen da bilkura, XX. edizioa ospatuko baita; hortaz gain, ibilbideak berrikuntzak izanen ditu. Altzate karrikako obrak direla eta, Kanttonberrin hasi eta bukatuko da proba. Usategieta arte pasa den urteko ibilbide berdina izanen da, baina 10.kilometrotik aintzin aldaketak sumatuko ditugu. Zamalkuraino bertze zati bat gehitu da Larhungo jeitsieraren momentuan. Eta bertze urteei dagokionean, azken kilometroa suhiltzaileen gibeleko zatitik igaroko da, Altzate karrika alde batera utziz.
Goizeko 9:30ean abiatuko da lasterketa eta eguerdi aldean bukatu, 13:30ean sari banaketarik borobilduz goiza.
525 lasterkari
Dortsal guziak saldu dira aurtengo lasterketan ere. Gizonezkoen eta emakumezkoen mailak egonen dira eta Absolutoak (18 urte baino gehiago) eta Beteranoak (45 urte baino gehiago) bereiziko dira. Maratoi erdia sekula egin ez duten korrikalariak animatuko dira lasterketan parte hartzera, baita urte guzti hauetan zehar mendi maratoiaren parte izan direnak ere. Emakumezkoetan Maddalen Jimenez beratarra ikusiko dugu, pasa den urteko bigarren sailkatua, eta 2024ko lehena. Gizonezkoetan, Oier Ariznabarreta durangarra, lasterketa bederatzi aldiz irabazi duen korrikalaria. Ia 100 emakumek hartuko dute parte erdi maratoien. Hainbaat sari desberdin jasoko dituzte hauek, lasterketa bukatzerakoan. Gizonetan eta emakumeetan sailkatzen diren absoltuu mailako lehen bostek izanen dute saria. Beterano mailan berriz, lehen hiruek igoko dira podiumera, gizonetan eta emakumeetan baita ere. Honez gain, taldekako sailkapena ere egonen da eta lehen biei emanen saie saria. Azkenik, tarteko helmugan lehen postuan igarotzen denak ere 150€-ko sari berezia jasoko du. Aurten, ibilbide berria denez, ez da errekorraren saririk banatuko.
Haur eta gaztetxoak
Haur eta gaztetxoek, aurtengoan ere, erronka honetan parte hartzeko aukera izanen dute. Egunean berean, Gazte Trail proba ospatuko da, 10:15etik aitizinera. 14 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek 7,2 kilometroko eta 340ko malda positiboa duen ibilbidea osatu beharko dute. 16 eta 18 urte artekoek berriz, 9,3 kilometro eta 380ko malda desnibela duena. Suhiltzaileen aparkalekutik abiatuko dira eta helmuga berriz, Kanttonberrin izanen dute. Ibilbidearen azken zatia Mendi Martoi Erdiaren gisakoa izanen da. Honetan ere dortsal guztiak agortu dira.
Bezperan berriz, apirilaren 18an, Ttiki Trail haurren proba ospatuko dute. Kanttonberri karrikan izanen dira lasterketak eta lau kategoriatan banatuko dira: 202-2019 jaiotakoak, 250m; 2018-2017 jaiotakoak, 650m; 2016-2015 jaiotakoak, 1.450m; 2014-2013 jaiotakoak, 2.050m. Izen ematea debalde izanen da kasu honetan eta aitzinetik edo egunean berean egin daiteke. Aitzinetik, Manttaleren webgunean eta egunean berean, 15:30etik aitzinera. Parte hartzaile guztiek oparia izanen dute baita merienda ere.