Albert Carbó: “90 minutuetan lehiatzea izanen da partidu honen gakoa”

2025/02/28
Real Unionek bertze euskal derbi bat jokatuko du asteburu honetan. Kasu honetan, Amorebieta bisitatuko du talde txuribeltzak, bihar (martxoaren 1ean), 20:00etan. Neurketa zaila aurreikusten bada ere, irundarrak prest daude azken bi asteetako porrotei buelta emateko.
Albert Carbó: “90 minutuetan lehiatzea izanen da partidu honen gakoa”

Real Unionek Amorebieta bisitatuko du larunbat honetan, martxoaren 1ean, 20:00etan, bertze euskal derbi bat jokatzeko. Urritxe zelai zail bat izanen dela aurreikusi du talde txuribeltzak, baina Sanseren kontra emandako itxura ona baliatuko dute azken asteetako bolada txarrari bukaera emateko. 

Albert Carbók argi du Lehen RFEF Maila zaila dela eta garaipenak eskuratzea ere konplikatua dela. Urte hasieran lortutako lau garaipenak goraipatu ditu honen arabera eta, azken asteetan bi porrot jarraian jaso baditu ere, gauza onak atera zituztela ere aipatu du: “Sanseren kontrako porrotatik jeikitzea errazagoa da. Azken minutuan galdu genuen eta guk ere izan genituen irabazteko aukerak. Lehiakor izan ginenaren sentsazioa genuen eta beraz, sentsazio onekin bukatu genuen partidua”. 

Astero-astero “exijentziarik altuenarekin” ekiten diote txuribeltzek lanari eta egunerokoan hobetzen saiatzen dira. Oraingoan ere horrela egin dute eta entrenatzaileak “konfiantza osoa” du bere plantillan. Amorebietaren kontra garaipena eskuratzeko gakoa, “90 minutuetan lehiakor izatea izanen da”, Carbóren iritziz. Horrez gain, “baloiarekin aukerak aprobetxatu behar” dituztela adierazi du eta “baloiarik gabeko jokaldietan elkartu”. 

Hau dena eginda ere, Real Union kontziente da biharko neurketa zaila izanen dela. Amorebietak “entrenatzaile berria ailegatu zenetik ez du bere etxean porrotik ezagutu”, Carbók jakinarazi duenez. “Talde indartsua da eta hilabete honetan ere Arenteiro eta Ponferradina garaitu ditu, play-offa jokatzeko faboritoak diren bi talde”, gaineratu du prestatzaileak.

Bidaia ere erosoa denez, zaleak bertan egonen dira eta hori ere positibotzat jo du Carbók: “Hori oso garrantzitsua da guretzat. Etxeko partiduetan beraien bultzada sentitzen ari gara. Pasa den asteburuan, galdu bagenuen ere, giro ederra bizitu genuen eta zaleak ere taldea animaren gelditu ziren ondotik. Oraingoan ere lagunduko gaituzte eta guretzat ona da izanen dugun eszenatokia kontuan hartuta”.