Ramses Gil: “Beraien intentsitatea berdindu behar dugu eta futbolean oso ongi jokatu”

2026/11/06
Real Unionek Barakaldo bisitatuko du bihar, azaroaren 7an, 16:30ean. Portugaleten kontrako Errege Kopako lehen kanporaketa berriz ere bertan behera utzita, aste osoa izan du talde txuribeltzak Ligako hurrengo partidu hau prestatzeko. Ez da nolanahiko erronka izanen, aurkaria maila handiko taldea baita eta hiru puntuak eskuratzea garesti egonen da, Ramses Gil entrenatzailearen hitzetan.
Ramses Gil: “Beraien intentsitatea berdindu behar dugu eta futbolean oso ongi jokatu”
Real Unionek Barakaldo bisitatuko du bihar, azaroaren 7an, 16:30ean, denboraldiko hamaikagarren jardunaldia jokatzeko. Talde txuribeltzak astebete izan du neurketa hau prestatzeko, asteazkenean jokatu behar zuen Portugaleten kontrako Errege Kopako lehen kanporaketa berriz ere bertan behera gelditu zelako, Jesus de Miguelen heriotzaren ondotik. Ongi aprobetxatu ditu egunak Ramses Gilen taldeak, biharko erronka ez delako erraza izanen, aurkaria maila handiko taldea baita eta Lasesarren puntuak eskuratzeko gogotik egin beharko du lan talde irundarrak. Barakaldo eta Lasesarre “erronka handia” dela aitortu du Ramses Gil entrenatzaileak. Pertsonalki, “bertze eszenatoki handiago batzuen gainetik, biharko partidua nahiago” duela onartu du Gilek, bizkaitarren etxean jokatzea “izugarrizko aukera” delako berarentzat. “Duelu handia” dela ere aipatu du, aurkaria “maila handiko taldea” baita eta haiei aitzin egiteko, “beraien intentsitatea berdintzeaz gain, futbolean oso ongi jokatu” behar da. Hori lortzeko gakoa, “beraien jokoa aurreikusi” behar dutela azpimarratu du prestatzaileak. Hala ere, Real Unionek ez du beldurrik eta gogoz dago biharko partiduan lehiatzeko: “Ez dugu beldurrik, gogoz gaude, badakigulako lehiakorrak izanen garela. Etxetik kanpo ongi lehiatzen ari gara eta erronka honetan ere horren bila joanen gara”. Etxetik kanpo puntuak ateratzeko erraztasunaz ere aritu da Gil eta aipatu du “seguru aski, etxekoek baloia izaten dutelako” izan daitekeela hori, Real Union eroso baitago horrela jokatzen. Bihar Lasesarren hori lortzea espero dute. Hori dena lortzeko, Yassinez gain, Martin Arruti ere berreskuratuko du Real Unionek eta deialdia, jokalari lehiakorrenekin osatuko dutela aipatu du, jardunaldiko hiru puntuak eskuratzeko helburua bete ahal izateko.