Ramses Gil: “Erronka eta helburu ezinhobea da guretzat Errege Kopa”

2026/11/03
Real Unionek pasa den asteazkenean jokatu beharreko Errege Kopako lehen kanporaketa ospatuko du bihar, azaroaren 4an, Portugalete taldearen kontra (19:00). Bi neurketa zahlen artean kokatu diote berriz ere partidu hau talde txuribeltzari, Real Aviles taldearen kontrako porrotaren ondotik eta Barakaldoren hitzorduaren aitzinetik. Edonola ere, erronkarako prest daude Ramses Gilen jokalariak eta ilusioz eginen diote aurre hitzorduari.
Ramses Gil: “Erronka eta helburu ezinhobea da guretzat Errege Kopa”
Pasa den urriaren 28an jokatu beharreko partidua jokatuko du bihar, azaroaren 4an, Real Unionek, Portugalete taldearen kontrako Errege Kopako lehen kanporaketa, hain zuzen ere. Espainiako Futbol Federazioak bertan behera utzi zituen asteazken hartako hitzordu guztiak Toledon gertatutako tren istripuaren ondorioz eta biktimekin elkartasunez. Horrela bada, astebete gibeleratu zaio talde txuribeltzari erronka, baina ilusioa ez du galdu. Orain dela aste bateko hitzak errepikatu ditu Ramses Gil Real Uniongo entrenatzaileak, Portugalete taldearen kontrako Errege Kopako lehen kanporaketako atariko prentsaurrekoan: “Futbolak denoi egiten gaituen oparia da partidu hau. Horrelako aurkariarekin eta horrelako eszenatokian, duen garrantzi osoa eman nahi diogu txapelketa honi”. Hain zuzen ere, horrela ikusten du Gilek biharko partidua, “erronka eta helburu ezinhobea” bezala. Edonola ere, ez da hitzordu erraza izanen, nahiz eta talde txuribeltza maila bat gorago egon. Prestatzaileak adierazi duenez, “oker egongo ginateke faboritoak garela pentsatuko bagenu”. Izan ere, Portugalete Lehen RFEF Mailan egon zitezkeen jokalariak dituela oroitarazi du Gilek eta etxean jokatzea, gainera, abantaila izanen dela beraientzat: “Talde oso ona da eta dituen jokalari bakoitza gurekin egon zitekeen. Proiektu on bat dute Bigarren RFEF Mailarako. Baliabide asko dituen taldea da, joko zuzenean edota baloiarekin desberdintasuna markatzen duena”. Zailtasunez konsziente izanda, Portugaletera joanen da bihar Real Union, bi neurketa zailen artean kokatzen den hitzordu honetara. Izan ere, talde txuribeltza Real Avilesen kontra porrot egitetik dator, eta heldu den asteburuan Barakaldo handia bisitatu beharko du. Gilek dio horrela tokatu dela eta “ezer gutxi” egiten ahal dutela beraiek honen kontra, gehienez ere “txapelketara egokitu eta ahal bezan ongi kudeatu”. Edonola ere, pozik dago honekin entrenatzailea: “Hau da futbolaren gauzarik onena eta hau da gustatzen zaiguna. Ernai gaude eta prest”. Taldea gainera, ongi dagoela aitortu du Gilek, entrenamendu onak egin dituela eta Yassin jokalaria ere berreskuratuko duela biharko deialdirako. Gertatu edo gertatuko denari kasurik egin gabe, “ilusioz” joanen direla aitortu du, deialdirako bigarren taldeko jokalari gazteek egiten dakitenarekin sinetsita.