Albert Carbó: “Taldea konprometitua dago igandeko partiduan hoberena emateko”

2025/05/09
Real Unionek Zamora bisitatuko du igande honetan, maiatzaren 11n, denboraldiaren bukaera honetan final baten moduan izanen den partidua jokatzeko. Carbók onartu du neurketa zaila izanen dela, gora begira dagoen talde baten kontra, baina pasa den asteburuko garaipenak indarra eman diola taldeari erronka gogor honi aitzin egiteko.
Albert Carbó: “Taldea konprometitua dago igandeko partiduan hoberena emateko”

Real Unionek Zamora bisitatuko du igande honetan, maiatzaren 11n, 12:00etan. Neurketa garrantzitsua izanen da taldearentzat, bertan erabaki daitekeelako bere etorkizunaren zati handi bat. Lehen RFEF maila mantentzeko lehian, urrezko puntuak banatuko dira Zamoran eta talde txuribeltzak guztiak batu nahi ditu sailkapean. 

Tarazonaren kontrako garaipenaren ondotik, Real Union ilusioz dago hurrengo erronkari aitzin egiteko. Albert Carbó entrenatzaileak ere motibatuta ikusten ditu bere jokalariak igandean Zamoraren kontra lehiatzeko. Hala ere, jakitun dira aurkariaren maila handia dela. Carbók erran duenez, “denboraldi ona egiten ari da taldea eta aukera garbiak ditu play offetara sailkatzeko”. Stadium Galen garaipena eskuratu zuen Zamorak lehen itzulian, eta beraz, euren azalean bizi izan dute zer den euren kontra jokatzea. 

Garaipena eskuratuz gero, talde txuribeltzak ez luke oraindik ere salbazioa ziurtatua edukiko. Hala ere, entrenatzaileak aipatu du garrantzitsuak izanen liratekeela hiru puntuak: “Salbazioa ez dago ziurtatua, bertze emaitzek ere lagundu beharko ligukete. Hala ere, garaipenarengatik borrokatuko dugu, horrek denboraldiko helburuak lortzeko lagunduko ligukeelako. Zamoran irabazten saiatuko gara eta gero Osasunaren kontra, etxean, berdinketa batekin nahiko izanen genuke”. 

Edonola ere, igandeko partidura soilik begiratzen dio Real Unionek eta ez, denboraldia bukatzeko gelditzen diren bertze biei. Zamoraren berezitasunez ere aritu da Carbó: “Talde oso lehiakorra da, jokalari oso onak dituena. Bere azken hamar partiduetan, soilik bi galdu ditu eta ez zuen galtzerik merezi. Ongi borrokatzen du eta ongi lehiatzen da, bereziki etxean. Hain zuzen ere, denboraldi honetan etxean gol gutxien jaso dituen taldea da”. 

Honen aitzinean, taldea prest dago bere onena emateko eta jokalarien artean tentsio nabaria bada ere, “ilusioz daude helburua lortzeko”, entrenatzaileak onartu duenez. Astean zeharreko lana “hamarrekoa” izan dela ere azpimarratu du eta “talde konprometitua” dagoela igandeko partidu zailarekin. Zaleek ere garaipena eskuratzeko bidean ezinbertzeko laguntza izanen dela argi du Carbók. “Guztiok gauza bera nahi dugu, Lehen RFEF maila mantentzea, eta bidean zaleak garrantzitsuak izanen dira”, erranez bukatu du gaur goizeko prentsaurrekoa.