Alex Mozas: “Aldagelan irabazi dezakegula uste dugu eta bukaerara arte borrokatuko dugu horregatik”
Gol bateko aldearekin galdu zuen Irudek Bidasoa Irunek, pasa den astean, MT Melsungenen kontrako EHF European Leagueko final laurdenetako joaneko partidua. 28-27ko emaitzarekin irabazi zuten talde alemaniarrak, baina Final Fourrerako sailkapena irekia gelditu zen oraindik. Txartela Artalekun banatzea nahi zuen Alex Mozasek eta horrela izanen da. Bihar, apirilaren 29an, etxean borrokatuko dute horiek txartela eskuratzeagatik, 20:45ean Melsungen hartuko baitute bertan itzulerako neurketa jokatzeko.
Jokalarien lana eta meritua azpimarratu ditu Alex Mozas entrenatzaileak biharko neurketa garrantzitsuaren atarikoan. “Gure helburua pasa den asteko neurketatik aukerekin ateratzea zen eta hori lortu genuen”, adierazi du. Final Fourrerako sailkapena Artalekun erabakitzea ere abantaila bat izanen da Bidasoarentzat. Izan ere, Mozasen onartu bezala, “jendeak bultzatuko gaitu eta horretan (afizioan) Melsungen baino dezente hobeak gara. Gainera, etxean oso lehiakorrak gara ere”.
Denboraldi partidurik zailena izan daitekeela ere argi du Mozasek, batez ere prestatzerako momentuan: “Bundesligako liderrak dira eta lan handia egin dute. Borroka zaila izanen da. 7-6ko marrazkia defendatzea kosta egin zitzaigun, hamaika aldaketa dituztelako eta aldi oro egokitu behar garelako. Hori guztia landu dugu, baina partiduan zaila izanen da”. Neurketaren garrantziak ere presioa eragin dezakeela aipatu du entrenatzaileak: “Biharko partidua desberdina da. Astean zehar honen inguruan mintzatu da jendea, kalean, sare sozialetan… eta horrek eragina izan dezake. Hala ere, nik taldea lasai ikusten dut eta deskantsatuta. Kanpokoa ahantzi eta partiduan zentratuta egonen gara”.
Azken kanporaketa hau irabazteko gakoa partidua kontrolpean edukitzean egonen da: “Melsungenek 4-5 goleko errenta hartzen badu, guretzat zaila izanen da hori berreskuratzea. Ezin diegu erraztasunik eman eta ongi defendatu behar dugu”. Hala ere Bidasoako jokalari eta teknikariak sinetsita daude garaipena posible dela. “Aldagelan irabazta posible dela sinesten dugu. Taktikoki landu dugu partidua, baina baita mentalki ere. Ahal dugun guztia emanen dugu garaipena eskuratzeko eta bukaera bitarte borrokatuko dugu”, gaineratu du entrenatzaileak.