Alex Mozas: “Beraien kontraerasoa kontrolpean eduki behar dugu eta erasoan fin ibili”

2026/11/12
Irudek Bidasoa Irun Fertiberia Puerto Sagunto taldearen kontra lehiatu beharko da larunbat honetan, azaroaren 14an, 19:00etan. Nexus Energia ASOBAL Ligako bederatzigarren jardunaldia izanen da eta talde irundarrak bederatzigarren garaipena segidan nahi du, 18 punturekin Espainiako Koparako sarbidea ziurtaratu ahal izateko. Ez da lortzeko helburu erraza izanen, aurkaria igo berria den taldea bada ere, maila handiko jokalariak dituelako.
Alex Mozas: “Beraien kontraerasoa kontrolpean eduki behar dugu eta erasoan fin ibili”
Irudek Bidasoa Irunek Fertiberia Puerto Sagunto taldearen kontra jokatuko du larunbat honetan, azaroaren 14an, 19:00etan. Nexus Energia ASOBAL Ligako bederatzigarren jardunaldia izanen da eta talde irundarrak bederatzigarren garaipena segidan lortu nahi du, nahiz eta badakien ez dela erronka erraza izanen. Aurkariak, bere etxean aritzeaz gain, maila handiko jokalariak ditu, eta igo berri izateak ez dio lasaitasunik emanen Alex Mozasen taldeari. Edonola ere, bertze bi puntu gehiago edukitzea ona izanen litzateke bidasotarrentzat, modu horretan hurbilago edukiko lukeelako Espainiako Kopan parte hartzea. Talde irundarrak historia egitea zaila dela dio Alex Mozas taldeak, kontuan edukita Europako txapelduna izana dela dagoeneko. Edonola ere, horra hurbiltzea motibagarria da Bidasoako jokalari eta teknikarientzat, baina motibagarriagoa da oraindik, ASOBAL Ligan bertze bi puntu eskuratzea asteburu honetan: “18 puntuak eskuratzea sari ederra izanen litzateke, Espainiako Kopan egoteko aukera emanen ligukeelako eta motibazio horrekin bidaiatuko dugu oraingoan”. Ez da erraza izanen ordea, Puerto Saguntoren etxean aritzea. Mozasek dioenez, “aurkari engainagarria” delako. “Igo berria da, baina maila handiko taldea. 15 golengatik irabazteko gai izan dira eta hori ia ezinezkoa da. Oso ongi jokatzen dute, baina gainera, badute bihotza, arima, eta hori da gehien nabarmenduko nukeena”, gaineratu du. Hain zuzen ere, Espainiako junior selekzioarekin jokatzen duten jokalari gazte andana ditu Puerto Saguntok, horietako batzuk Europako txapeldunak izanak Gorka Nieto edo Julen Mujikarekin batera, bertzeak bertze. Hauei aitzin egitea lan mardula izanen da, baina Mozasek argi du nolako jokoa erakutsi beharko duen Bidasoak bertan: “Beraien kontraerasoa kontrolatzea oso garrantzitsua izanen da. Horrez gain, erasoetan jaurtiketa guztietan asmatu beharko dugu. Gero, betiko moduan, defentsan sendo egon behar gara eta gure artean elkartasun gehiago eduki”. Helburu hauek guztiak betetzeko, taldeak izan duen ia bi astetako atsedenaldia ona izan dela aitortu du entrenatzaileak: “Minduta eta kolpatuta zeuden jokalariak berreskuratu ditugu, baita Marco ere. Aste ona izan da, entrenamendu onekin, eta kantxan erakutsi behar dugu orain hori, baita hurrengoetan ere”. Horrela bada, bi puntu gehiagoren bila joanen da Bidasoa larunbatean Valentziara, bederatzitik bederatzi jardunaldietan arrakasta biltzera.