Inoizko denboraldi hasiera hoberena sinatu du asteburuan Irudek Bidasoa Irunek

2026/11/16
Talde irundarrak 24-34ko markagailuarekin garaitu zuen Fertiberia Puerto Sagunto taldea, Nexus Energia ASOBAL Ligan momentuz jokatutako bederatzi partiduetatik bederatzietan gailenduta. Horrela, inoizko denboraldi hasiera hoberena sinatu du Alex Mozasen taldeak, hemezortzi puntu bilduta eta sailkapeneko lider izanda.
Inoizko denboraldi hasiera hoberena sinatu du asteburuan Irudek Bidasoa Irunek
Fertiberia Puerto Sagunto 24
34 Irudek Bidasoa Irun
Irudek Bidasoa Irunek historia egiten segitzen du. Asteburuan Puerto Sagunto taldeari 24-34ko markagailuarekin irabazita, inoizko denboraldi hasiera hoberena sinatu dute bidasotarrek eta bederatzi jardunalditik bederatzietan lortu du puntu guztiak batuta. Hemezortzi ditu orain guztira sailkapenean eta Nexus Energia ASOBAL Ligako liderra da. Erritmo biziarekin ekin zioten neurketari, eraso azkarrak eta defentsa sendoa kantxaratuz. Hasieratik eman zituen fruituak planteamendu honek eta hiru goleko aldea lortu zuten segidan (5-8, 11:30 min.). Etxeko taldeak ordea, segidan lortu zuen erantzutea eta, 3-1eko partzial batekin, gol bakarrera hurbildu ziren (8-9, 16 min.). Alex Mozasek bere lehen hutsartea eskatu zuen orduan eta etenaldi honekin irundarrak berriz ere beraien indarra berreskuratu zuten. Defentsan sendotasuna erakutsiz, partiduaren kontrola eskuratu zuen berriz eta 2-7ko partzial garrantzitsua lortu zuen, lehen zatia bukatzeko lau minutu falta zirenean, beraien alde 10-17koa izanda. Hori guti balitz, azken minutu horietan bederatzira handitu zuten markagailuko aldea eta atsedenaldira, 11-20ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian, etxeko taldea neurketan sartzeko nahiarekin kantxaratu zen eta ahalegina ere egin zuen horretarako, aldea murriztuz hasieratik. Bidasoak ordea, ez zion leku gehiegirik eman honi eta etxekoen jokoa geldiarazteko gai izan ziren, zuten abantailari eusteko. Horrela, neurketa kontrolpean edukiz segitu zuen lanean eta zazpi goleko errentarekin ailegatu ziren azken hamar minutuetara (21-28). Garaipena erabakita edukita, bukaeran lasai jokatu zuen Alex Mozasen taldeak, azkenean, 24-34ko markagailuarekin irabaziz. Horrela, bederatzitik bederatzi garaipen eskuratu ditu Bidasoak oraingoz, inoizko denboraldi hasiera hoberena sinatuz. Hasiera ezin hobea izaten ari da eta aste honetarako ere baliagarria izanen da asteburuan lortutako azken garaipenak. Izan ere, EHF European Leagueko Multzo Faseko jardunaldi berri bat jokatuko du Artalekun, Limoges-en kontra. Neurketa bihar izanen da, azaroaren 17an, 20:45ean.