Alex Mozas: “Erasoan fin ibili beharko gara, bakarkako jokoan parekatuak gaudelako”
2026/11/16
Irudek Bidasoa Irunek Limoges hartuko du bihar, azaroaren 17an, Artalekun, EHF European Leagueko Multzo Faseko laugarren jardunaldia jokatzeko. Nexus Energia ASOBAL Ligan historia egin ondotik, Europako Txapelketan aitzinera egiteko beharrezkoa duten garaipena eskuratu beharko du taldeak. Hala ere, Alex Mozas entrenatzaileak aitortu duenez, beraien helburu nagusia larunbatean Ligako lidergotza mantentzea izanen da.
Irudek Bidasoa Irunek Limoges Handball taldea jasoko du bihar, azaroaren 17an, Artalekun (20:45). EHF European Leagueko Multzo Faseko laugarren jardunaldia izanen da eta hitzordu garrantzitsua lehiaketa honetan aitzinera egiteko, talde irundarrak garaipena beharrezkoa baitu horretarako. Aitzinean izanen duen taldeak, ordea, ez dizkio gauzak erraz jarriko, baina etxekoak motibazioz eginen diote aurre erronka honi, Nexus Energia ASOBAL Ligan historia egin ondotik.
Bidasoak ez du larunbatean lortutako garaipenaz gozatzeko aukerarik eduki ia. Saguntotik bueltatu eta segidan hasi behar izan baita biharko neurketa prestatzen. Limoges etorriko da Artalekura, Europako Txapelketan aitzinera egiteko partidu garrantzitsua izanen dena jokatzera. Honengatik beragatik, taldea motibazioz betea dagoela dio Alex Mozas entrenatzaileak: “Bidasoan historia egiteko zaila da eta guk lortu duguna oso handia da eta hor geldituko da. Helburu garrantzitsua zen guretzat eta pozik gaude heldu dena ere importante delako. Limoges bere ligako lehen lau talde onenetakoa da eta oso garrantzitsua izanen da bere kontrako partidua Europan aurrera egiteko”.
Sagunton emandako maila berriz ere ematea espero du Mozasek bihar: “Larunbatean izandako errendimendua oso altua izan zen. Txandakatze handia izan genuen. Ongi hasi ginen, baina aulkian zeudenak kantxaratu zirenean, hobeki aritu ginen eta partidua xehetzea lortu genuen”. Limoges-en kontrako neurketa garrantzitsua bada ere, lehiaketan segitzeko aukera ematen duelako, garrantzitsuagoa da taldearentzat Ligan dinamika onean segitzea. “Bihar azken aukera izanen dugu jokoan, baina ez dugu Ligako lana arriskuan jarriko. Liga da gure helburu nagusia eta bihar garaipena eskuratzen saiatuko gara, baina ez dugu jendea gehiegi nekatuko”, gaineratu du. Izan ere, bihar Europa egonen da jokoan, baina larunbatean ASOBAL Ligako lidergotza Barçaren kontra.
Edonola ere, biharko bi puntuak poltsikoratzeko gakoak zeintzuk diren argi du entrenatzaileak: “Limoges-ek ez du izan bolada oso ona, baina azken partiduan erraz irabazi zuen eta ilusioz datoz. Beraiek ere asko dute jokoan bihar eta han jokatu genuenaren antzeko partidua izatea espero dut. Han oso ongi lehiatu ginen, baina azkenean beraien atezaina erabakigarria izan zen hamazazpi geldiketekin. Gu fin ibili behar gara erasoan, Ligan duzun portzentaiarekin segituz. Bakako jokoan parekatuak gaude”. Horrela beraz, ahalik eta mail hoberena erakusten saiatuko dira bihar, zaleen aitzinean, jakinda jokoan dagoena handia dela, baina jendea nekatu gabe.