Alex Mozas: “Asko eskatuko gaituen partidua izanen da, eta guk lasaitasunez egin behar diogu aurre”
2026/05/08
Irudek Bidasoa Irun Frigorificos del Morrazo taldea bisitatuko du, O Gatañalen, igandean (maiatzaren 10ean), 18:30ean. ASOBAL Ligako txapeldunordetza eskura du oraingoan talde irundarrak eta horren bila kantxaratuko dira. Hala ere, ez du aurkari erraza izanen aitzinean, taldea sendoa baita galiziarra eta maila mantentzeko lehia bizian dagoena. Hala ere, lasaitasunez ariko dira Alex Mozasen jokalariak, azken asteburuen emandako mailari eutsiz.
Irudek Bidasoa Irunek Frigorificos del Morrazo taldea bisitatuko du, O Gatañalen, igandean (maiatzaren 10ean), 18:30ean. Denboraldiko azken txanpan sartua dago ASOBAL Liga eta taldeek euren helburuak lortzeko azken aukerak dituzte orain. Talde irundarrak txapeldunordetza du eskura eta horren bila kantxaratuko da. Hala ere, aurrean, maila mantentzeko lehian ari den taldea aurkituko du eta beraz, ez dizkio gauzak erraz jarriko. Azken asteetako dinamika onari eutsiko diote bidasotarrek horrela, bi puntuak poltsikoratzeko helburuarekin.
Denboraldiko azken txanpa honetan, lasai lanean ari da Irudek Bidasoa Irun, “partiduetara ahalik eta hobekien ailegatzeko” helburuarekin Alex Mozas entrenatzaileak aitortu duen moduan. Talde guztia dago eskuragarri asteburu honetako partiduarekin eta Cangas de Morrazora joanen dira honela guztira, “jakinda zaila izanen dela, baina ongi gaudela ikusita”, gaineratu du. Mozasek, hain zuzen ere, uste du “ongi ailegatuko” direla igandera eta gakoa eurengan “konfiantza” edukitzea izanen dela, baita “lasaitasunez” aritzea ere.
Frigorificos del Morrazo taldea maila mantentzeko lehian ari da orain eta puntuak behar ditu horretarako. Alde horretatik, dena emanen duela argi dute bidasotarrek: “Zailtasun handiko partidua izanen da, euren etxean gainera. Erasoan oso indartsuak dira, euren nortasunean dago hor duten jokoa. Defentsan ere oso oldarkorrak dira eta atezainak ere maila ona eman du aurten. Horrez gain, euren zaleek ere asko presionatzen dute. Asko eskatuko gaituen partidua izanen da, baina guk lasaitasunez egin beharko diogu aurre”.
Bidasoak argi du lasaitasunez egin behar diola aitzin igandeko partiduari. Azken asteetan emandako mailari begiratu eta hori errepikatzea izanen da gakoa, konfiantza edukiz hortan eta sinetsita horrekin txapeldunordetza lortzen ahal dela.