Irudek Bidasoa Irunek FH Harfnarfjordur bisitatuko du bihar Europako ametsari segida emateko
2026/11/23
Talde irundarrak bihar jokatuko du EHF European Leagueko Multzo Faseko bostgarren jardunaldia Islandian, bertako FH Harfnarfjordur taldearen kontra (20:45). Pasa den astearteans Limoges garaitu ondotik, txapelketa honetan bere ametsa bizirik mantendu nahi du talde horiak eta horretarako, bihar bi puntuak poltsikoratu behar ditu.
Irudek Bidasoa Irunek FH Harfnarfjordur bisitatuko du bihar, azaroaren 24an, EHF European Leagueko Multzo Faseko bostgarren jardunaldia jokatzeko (20:45). Barçaren kontra galdu ondotik, gehiegi pentsatu gabe, abiatu zen atzo taldea Islandiari gaurtik aitzinera neurketa prestatzeko lanetan aritzeko. Europako Txapelketaren ametsa bizirik mantendu nahi du talde horiak eta horretarako, beharrezkoa izanen dute bihar jokoan egonen diren bi puntuak poltsikoratzea.
Bidasoa Islandian dago dagoeneko biharko neurketari begira. FH Harfnarfjordur-ren kontrako partiduan irabaztea izanen da helburu nagusia taldearentzat, Alex Mozas entrenatzaileak argitu duenez: “Islandiako partidua aitzinera ateratzea izanen da helburua, eta porrotari buelta ematea. Europan bizirik segitu nahi dugu, Artalekun eta Madeiraren kontra sailkapena jokatu ahal izateko”. Hau guztia ez dago soilik bidasotarren esku, Limogesek, hain zuzen ere, Madeiran lortzen duen emaitzari begira egon beharko direlako. Hala ere, talde irundarrak “berea” egin nahi duela azpimarratu du. Horrela bada, bihar Islandian porrota irauli eta gai egiteko diren guzti hori erakutsiko dute Mozasen mutilek.
Aurkaria dagoeneko ezaguna dute eta badakite, “Barça baino maila bajuago bat badute ere, indibidualki maila altuko jokalariak” direla, “defentsiboki aunitz eskatuko” diotenak Bidasoari. Beraz, gakoa defentsan egonen da bertze behin talde irundarrarentzat, erasoan fin ibiltzeaz gain.