Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen Barça handia garaitu

2026/11/23
Talde irundarrak 25-42ko markagailu zabalarekin galdu zuen Barçaren kontra, pasa den larunbatean Artalekun. Sailkapeneko lidergotza zegoen jokoan neurketan eta etxekoek ezin izan zioten denboraldi hasierako bolada onari segida eman. Talde kataluniarrak bere nagusitasuna kantxaratu zuen eta erraz gainditu zuen bere aurkari zuzena.
Irudek Bidasoa Irunek ezin izan zuen Barça handia garaitu
Irudek Bidasoa Irun 25
42 Barça
Irudek Bidasoa Irunek 25-42ko markagailuarekin galdu zuen Barçaren kontra, pasa den larunbatean Artalekun. Sailkapeneko lidergotza zegoen jokoan neurketa horretan eta, saiatu baziren ere, etxekoek ezin izan zioten segidarik eman denboraldi hasieran izan duten bolada onari. Bazekiten ez zela erraza izanen hori lortzea eta halaxe izan zen, talde kataluniarrak bere nagusitasun osoa kantxaratu zuen bere aurkari zuzena den taldearen etxean. Bidasoak denboraldi honetako bere lehen porrota jaso zuen Artalekun, larunbatean, Barçaren kontra. Kantxa betean eta giro paregabearekin, ekin zioten bi taldeek sailkapeneko lidergotza jokoan zuen partiduari. Hasiera ona izan zuten etxekoek, baina bisitariek segidan hartu zuten beraien joko erritmoa eta defentsan sendotasuna. Ordu laurdena pasatuta, 8-11koa erakusten zuen markagailuak, oraindik partidua jokoan zegoela. Hori buruan edukitzen saiatu zen Alex Mozasen taldea, aurpegirik ez galtzen neurketari. Lehiatzen segitu zuen, baina bisitarien defentsak oso intentsitate altua ezarri zuen eta aldea handitzen joan ziren, atsedenaldira 15-22koarekin joateko. Aldageletatik bueltan, neurketaren gidoia antzekoa izan zen. Bidasoaren izaera borrokalaria ikusi ahal izan zen, aldea murrizteko saiakera eginez, baina Barçak bere erritmoa altuari eutsi zion eta horri esker markagailuko tartea geroz eta gehiago handitzen joan zen, partidua erabakitzerainoa (22-35, 45 min.). Horrelakoak izan ziren azken minutuak ere, etxeko taldea saiatu zen bere joko hoberena plazaratzen, baina ez zen nahikoa izan eta 25-42ko markagailuarekin galdu zuen Barçaren kontra. Denboraldiko lehen porrota jasota, biharamunean Islandiara bidaiatu zuen talde irundarrak, bihar (azaroaren 24an), FH Hafnarfjordur taldearen kontra jokatu behar duelako (20:45), EHF European Leagueko Multzo Faseko bostgarren jardunaldian.