Alex Mozas: “Aspaldian ez dugula Errege Kopako finala jokatu eta hori izanen da helburua orain”
2026/04/21
Irudek Bidasoa Irunek asteazken honetan, apirilaren 22an, jokatuko du Errege Kopako hirugarren kanporaketa (20.30). Angel Ximenez Puente Genil taldea bisitatuko du horretarako, ASOBAL Ligan maila mantentzeko borrokan dagoen taldea. Hala ere, Europako txartela eskuratzea hain da sari handia, bi taldeek ere gogotik eginen dutela lan garaipena lortzeko.
Irudek Bidasoa Irunek Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatuko du asteazken honetan, apirilaren 22an, Angel Ximenez Puente Genil taldearen kontra (20:30). Europako Txapelketan parte hartzeko txartela du begiz jota talde irundarrak eta hori izanen da helburua lehiaketa berri honetan. Aspaldian ez du jokatu Bidasoak Errege Kopako finala eta hori ere izanen da aurtengo denboraldiko erronka. Hiru partidu gainditu beharko ditu horretarako, eta horietako lehena biharkoa izanen da.
Alex Mozas entrenatzaileak argi du biharko partiduan garaipena eskuratzea dela lehentasuna aste honetan: “Txapelketa berri bat da, Final 8an egoteko aukera irekitzen dizuna. Azken aldian taldeari kosta egin zaio Errege Kopako finala jokatzea, urteak dira ez dela bertan egon eta orain, hori izanen da helburua”. Angel Ximenez Puente Genilen kontra jokatzea egokitu zaio hirugarren kanporaketa honetan, eta bidaia luzea egin beharko du talde horiak hroretarako. “Desplazamendurik zailena egokitu zaigu, luzeena. Gainera, garaipen batetik datorren taldea da, nahiz eta jeitsiera postuetan egon”, adierazi du Mozasek. Edonola ere, “ilusioz eta errespetu osoz” joanen dira hara, garaipena garesti egonen dela jakinda.
Puente Genil maila mantentzeko borrokan dago denboraldiko azken txanpa honetan eta beraz, bere helburu nagusia ASOBAL Ligan dago. Hala ere, Mozasek azpimarratu du “Europarako txartela eskuratzea garrantzitsua” dela denentzat eta “taldearen bertsiorik onena aurkitzea espero” duela bertan. “Plantilla ona duen taldea” dela ere onartu du eta “sailkapenak ez duela isladatzen taldeak duen maila”. Horregatik beragatik, badaki biharko neurketa zaila izanen dela, bi taldeek ere garaipena eskuratu nahiko dutela eta gogor borrokatu beharko dutela helburuagatik.