Europan bizirik mantentzeko beharrezko garaipena eskuratu du Irudek Bidasoa Irunek

2026/11/18
Talde irundarrak 35-33ko markagailuarekin garaitu zuen Limoges Handball atzo Artalekun, azken jokaldietan markagailua iraulita. Neurketa berdindua izan zen eta indarra ere parekatua zuten bi taldeek. Lehen zatia 18-17koarekin bukatu zen bidasotarren alde, baina bigarren zatiaren hasieran frantziarren garaipen grina ikusi ahal izan zen, etxekoen puntuak kolokan jarri zituena. Edonola ere, suspertu, eta Alex Mozasen mutilek Europan bizirik segitu nahi dutela erakutsi zuten.
Europan bizirik mantentzeko beharrezko garaipena eskuratu du Irudek Bidasoa Irunek
Irudek Bidasoa Irun 35
33 Limoges Handball
Irudek Bidasoa Irunek 35-33ko markagailuarekin irabazi zuen atzo, Artalekun, Limoges Handball taldearen kontra. Neurketa parekatua egon zen lehen zati guztian zehar, nahiz eta aldageletara abantaila txiki batekin joan talde bidasotarra (18-17). Bigarren zatian ordea, frantziarrek beraien indar guztia kantxaratu zuten eta aitzinetik jarri ziren markagailuan, etxekoen puntuak kolokan jarriz. Hala ere, Alex Mozasen mutilek burua hotz mantendu zuten eta gai izan ziren berriz ere emaitza irauli eta beraien alde jartzeko, 35-33ko behin-betiko garaipena erdietsiz. Partidua orekatua egon zen lehen ordu erdian. Bisitariek tarte txiki bat ireki zuten lehen minutuetan, baina ez zen nahikoa izan neurketak hasieratik ihes egiteko. Etxekoek erritmoa bizitu eta, pixkanaka, indarra parekatzen joan zen. Limoges erasoak zaildu zituen Bidasoak defentsan sendo azalduz eta horrela bada, atsedenaldira bidean, lehen abantaila lortu zuen Alex Mozasen taldeak, txikia bazen ere (18-17). Emozioz beteriko bigarren zatia aurreikus zitekeen, eta horrela izan zen. Berdintasuna izan zen nagusi lehen minutu horietan ere, bi taldeak ere aurkaria oztopatzeko gai ziren, beraien defentsekin. Hala ere, Limogesek hobeki aprobetxatu zituen bere aukerak, batez ere zazpi metroetatik, eta markagailuan alde txiki bat zabaldu zuen, etxekoen garaipena kolokan jarriz (26-28, 45 min.). Azken minutuak tentsio handikoak izan ziren, bazirudielako bisitarien alde erabaki behar zela azkenean partidua. Bidasoa beraz, bere nortasunari jarraiki, suspertu egin zen eta frantziarrek azken bost minutuetan zuten hiru goleko aldeari buelta ematea lortu zuen. Harmailetan zeuden zaleek ere lagundu zuten lan horretan eta horrela, elkarrekin, erasoan fin ibili eta Failderen geldiketei esker, 33na berdintzea lortu zuen lehenbizi. Neurketa irekita zegoela ikusirik, azken jokaldietan egon zen urduritasun gehien. Mujikak lortu zuen aitzinetik jartzea taldea eta Faildek Limoges-en berdintzeko aukera deuseztatu zuen. Horrela bada, garaipena erabakita gelditu zen, 35-33koarekin, frantziarrena baitzen azken jokaldia, sartuta ere puntuak etxean geldituko baitziren. Horrela, kantxan eta harmailetan emozioz ospatu zuten garaipena, EHF European Leaguen Bidasoa bizirik dagoela alegia. Honen ondotik, Nexus Energia ASOBAL Ligari ekin beharko diote berriz ere horiek eta ez nolanahiko partiduarekin, Barça etorriko baita Artalekura, sailkapeneko lidergotzarengatik borrokatzera.