Alex Mozas: “Aurkaria ezagutzen dugu eta partidu ona eginen dugu”
Irudek Bidasoa Irunek Saint Raphael jasoko du bihar, azaroaren 18an, Artalekun EHF European Leagueko Multzo Faseko laugarren jardunaldia jokatzeko (20:45). Pasa den asteko aurkari bera izanen du talde bidasotarrak, oraingo honetan etxean, eta dagoeneko ezaguna duenez, frantziarren errentari aurre egiteko gakoak ongi ikasiak dituzte. 35-32ko markagailuarekin irabazi zuten hauek pasa den astean, eskubaloian errenta minimoa dena Alex Mozasek azaldu duenez.
Bihar Artalekun ospatuko den neurketa garrantzitsua izanen da Bidasoarentzat. Izan ere, Saint Raphael garaituta, talde irundarrak EHF European Leagueko hurrengo faserako sailkapena lortuko luke birtualki. Pasa den astean 35-32ko emaitzarekin irabazi zuen talde frantziarrak, baina alde hori “minimoa” dela azpimarratu du Alex Mozas entrenatzaileak eta beraz, kanporaketa irekia dagoela oraindik. Horren aitzinean, aurkaria gainditzeko gakoak argi ditu talde bidasotarrak: “Logroñoren kontrako partiduaren lehen zatian erakutsitako bertsioa berreskuratu behar dugu eta lasaktasunez jokatu. Hiru goleko aldea minimoa da eskubaloian eta, defentsa onarekin, jokalari guztien inplikazioarekin eta euren eraso eta kontraerasoa gelditzeko baliabideekin lortuko dugu hori gainditzea”.
Saint Raphael “talde ona” dela ere oroitarazi du prestatzaileak, eta pasa den astetik “lesionatuta zeuden jokalariak berreskuratu” dituela jakinarazi du. Horrek gogorrago eginen du aurkaria, baina Bidasoak ongi ikasi ditu bere alde ahul eta indartsuak: “Aurkaria ongi ezagutzen dugu eta ongi egin behar dugula pentsatu behar dugu, lasaitasunez aurre eginda partiduari. Erasoan lasai egon behar gara, baita defentsan ere. Batez ere, partidua ongi ez doanean lortu behar dugu lasai mantentzea”.
Honen harira, Mozasek konfiantza erakutsi du bere taldearengan: “Azken emaitzak ez dira onak izan guretzat, baina konfiantza dut taldearengan, erakutsi dutelako dagoeneko gai direla dena emateko. Biharko partidua aukera bikaina da gu geu garena erakusteko eta momentu zailetan aitzinera egiteko ausartak garela errateko”. Bidasotarrek bolada txarra bizi badute ere, “talde bera” dela adierazi du entrenatzaileak eta helburua ere bera dela. Garrantzitsua orain, burua altxatu eta denboraldi hasieran “markatutako ibilbidea zalantzarik gabe zeharkatzea” izanen da.