Alex Mozas: “Beraien indarguneak apaldu beharko ditugu eta gureak indartu”

2026/10/23
Irudek Bidasoa Irunek BM Caserio Ciudad Real jasoko du gaur, urriaren 23an, Artalekun, Nexus Energia ASOBAL Ligako zazpigarren jardunaldia jokatzeko (19:00). Talde irundarrak ez du oraindik galdu denboraldi hasiera honetan eta dinamika on horri segida eman nahi dio gaurkoan, etxeko zaleen aitzinean. Ez du aurkari erraza izanen horretarako, Caserio aunitz indartu den taldea baita eta, Alex Mozas entrenatzaileak erran duen moduan, bidasotarren aurkaririk gogorrena momentuz.
Alex Mozas: “Beraien indarguneak apaldu beharko ditugu eta gureak indartu”
Irudek Bidasoa Irunek gaur, urriaren 23an, jokatuko du Artalekun, BM Caserio Ciudad Real taldearen kontra, 19:00etan. Nexus Energia ASOBAL Ligako zazpigarren jardunaldia izanen da eta etxeko taldeak zazpigarren garaipena segidan lortu ahalko du gaurkoan, aurkaria mendean hartuz gero. Marka hori eskuratu nahi du Bidasoak, baina badaki ez dela neurketa erraza izanen horretarako. Izan ere, aurten ongi indartu den taldea da Caserio eta gogor borrokatu beharko du puntuak Artalekun gelditzeko. Itxaropentsu dago Bidasoa, zazpi garaipen segidan lortzeko aukera eskuan duelako. Hala ere, hori lortzea zaila dela aitortu du Alex Mozas entrenatzaileak: “Beti duzu itxaropena eta beti espero duzu hori gertatzea, baina zaila da zazpi garaipen segidan lortzea. Hori espero baino, pozik nago taldearen dinamika honekin eta egunerokoan egiten duen lanarekin. Ikusiko dugu ea gai gairen bolada honi segida emateko, orain arte Ligan aitzinean izan dugun talderik onenaren kontra”. Neurketa zail honi aitzin egiteko, astebete izan du Bidasoak prestatzeko. Europako Txapelketako partidurik gabe, etxean lasai entrenatu ahal izan du eta hori eskertzekoa dela onartu du Mozasek: “Astearen lehen zatian gure jokamoldea landu dugu, batez ere, azken hiru asteetan landu ahal izan ez duguna. Indibidualki ere, gazteekin lanketa sakonago bat egin ahal izan dugu. Hiru asteren ondotik, aste normala izan da eta aurkaria aztertzeko aukera izan dugu, baita partidua prestatzeko ere, eta hori eskertzekoa da”. Caseriok “denboraldi hasiera oso ona” egin duela ere azpimarratu du entrenatzaileak.“Esperientziadun jokalariekin indartu” dela gaineratu du eta horrek “lasaitasuna” eman diola taldeari. Partidu guztietan azken minutura arte aukerekin ailegatzen direla jakinarazi du eta hor egonen dela Bidasoak egin beharreko lanaren gakoa ere: “Ikusiko dugu zein den azken minutura arte lasaitasunez ailegatzeko gai. Ea zein den egonkorrakoa 60 minutuetan zehar”. Caserio erasoan zuzenagoa dela ere aipatu du Mozasek eta defentsa gogorra egin beharko dutela etxekoek horren kontra. Aurreikusten duenez, azken momentura arte markagailuan berdinduta egonen dira bi taldeak eta hor “aurkariaren indarguneak apaldu” eta beraienak “indartu” beharko dituztela argi du. Edonola ere, Artalekun bilduko diren zale guztien laguntza izanen dute horretarako.