Zazpigarren garaipena segidan lortu zuen Bidasoak Ciudad Realen kontra

2026/10/26
Irudek Bidasoa Irunek 36-32ko markagailuarekin irabazi zuen, pasa den ortziralean, BM Caserio Ciudad Real taldearen kontra. Zazpitik zazpi garaipen lortu ditu honela Alex Mozasen taldeak Nexus Energia ASOBAL Ligan eta sailkapeneko lider da, hamalau punturekin. Heldu den asteburuan, Ademar Leon bisitatuko du talde irundarrak, larunbatean (urriaren 31n), 20:00etan.
Zazpigarren garaipena segidan lortu zuen Bidasoak Ciudad Realen kontra
Irudek Bidasoa Irun 36
32 BM Caserio Ciudad Real
Irudek Bidasoa Irunek 36-32ko markagailuarekin garaitu zuen BM Caserio Ciudad Real taldea, ASOBAL Ligan denboraldi hasiera honetan lortzen duen zazpigarren garaipena segidan izanik. Horrela, hamalau punturekin, sailkapeneko lider da talde irundarra, sasoi bete-betean dagoela erakutsita. Neurketa erritmo bizian hasi zen eta bisitariek lortu zuten aitzina hartzea, 2-5eko markagailuarekin. Hala ere, bidasotarrak partiduan sartzen hasi ziren poliki-poliki eta aldea murrizten hasi ziren, ordu laurdena igarota, 9-9ko berdinketa erdietsi arte. Hortik aitzinera, etxekoak nabarmendu ziren, bai erasoan baita defentsan ere, eta gero eta erosoago aritu ziren kantxan. 6-2ko partzial bati esker, bortz goleko aldea lortu zuten atsedenaldira bidean, nahiz eta azkenean 17-13koarekin bukatu lehen zatia. Bigarren zatian berriz, hasieratik erakutsi zuen talde irundarrak garaipenaren bila joanen zela. Caserio aldea murrizten saiatu zen, baina Leo Macielek geldiketa onak egin zituen eta beraz, bortz goleko abantailari eusteko gai izan ziren etxekoak (26-21, 45 min.). Bisitariek ez zuten amore eman eta azken minutura arte berdinketaren bila aritu ziren. Bidasotarren aldea hiru golera murriztu zuten, baina hori izan zen lortu zuten alderik txikiena. Bidasoak gogor borrokatu zuen zazpigarren garaipen horrengatik eta lortu ere, azkenean 36-32ko markagailuarekin irabazita. Sailkapeneko lider segitzen du honela Bidasoak, zazpitik zazpi jardunaldietan nagusitu ondotik eta hamalau puntu batuz guztira. Heldu den asteburuan, etxetik kanpo arituko da talde irundarra. Zehazki, Abanca Ademar Leon bisitatuko du larunbatean, urriaren 31n, 20:00etan.