Alex Mozas: “Partidu hau irabazteak sailkapeneko goialdean egotea ahalbidetzen dizu”

2026/10/30
Irudek Bidasoa Irunek Abanca Ademar Leon bisitatuko du bihar, urriaren 31n, 20:00etan. Zortzigarren garaipena segidan lortzea izanen da talde irundarrak hitzordu horretan izanen duen helburu nagusia. Alex Mozas entrenatzaileak aitortu duenez, hori ez da erraza izanen, sasoi onean dagoen taldea baita eta beraien kantxan puntuak ateratzea beti delako lan zaila. Hala ere, forma bikainean dago Bidasoa ere, eta klubak duen marka historikoa berdintzea motibazio nahikoa da partiduan ongi egoteko.
Alex Mozas: “Partidu hau irabazteak sailkapeneko goialdean egotea ahalbidetzen dizu”
Irudek Bidasoa Irunek Abanca Ademar Leon bisitatuko du bihar, urriaren 31n, 20:00etan. Nexus Energia ASOBAL Ligako zortzigarren jardunaldia da eta Bidasoaren erronka zortzigarren garaipena segidan lortzea izanen da, klubak duen marka historikoa berdintzeko. Ez da lan erraza izanen ordea, Leongo taldea sasoi onean dagoelako eta beraien kantxan puntuak ateratzea zaila izan delako beti. Edonola ere, zortigarren garaipenaren erronka eta Leonen puntuak ateratzearena, nahikoak dira talde irundarraren motibaziorako. Bidasoak atsedenaldiaren aitzinetik jokatuko duen azken partidua izanen da Ademar Leonen kontrakoa eta Alex Mozas entrenatzaileak dioenez, “irteera zaila” izanen da lehen ziklo honi bukaera emateko. Prestatzaileak aitortu du Ademar Leon “bere momentu hoberenean dagoela” orain, “bi garaipen segidan lortu ondotik, konfiantza berreskuratu dutelako”. Hala ere, berariazko zailtasun bat du beti Ademar Leonen kontra eta bere etxean jokatzeak: “Beti da zaila beraien kantxan jokatzea. Zaleek asko bulkatzen dute taldea. Gainera, erasoan Ligako hiru talde onenetako bat da eta horrek erabakiko du neurketa”. Betiko moduan beraz, Bidasoaren defentsan egonen da gakoa eta hor erreparatuko dute gehien bat, Mozasen erranetan: “Defentsa landuko dugu, betiko moduan, beraien erasoa gelditzeko. Horrez gain, baloiak ez galtzea izanen da bertze gakoetako bat, kontraerasoan oso fin ibiltzen baitira”. Erronka zaila bada ere, motibazioz ekinen diotela aitortu du entrenatzaileak ere, klubak duen denboraldi hasierako marka berdintzea baitute helburua. Dagoeneko zazpi partiduetatik zazpitan irabazi dute eta zortzigarrenaren bila joanen dira bihar Leonen. Garaipenen bolada onean murgilduta egonik, horrelako hitzorduei errazago egiten zaie aitzin, prestatzailearen iritziz: “Garaipenean murgilduta hobeki bizi gara. Horrek motibazioa ematen digu hobeki eta gehiago entrenatzeko”. Pozik badaude ere, konziente dira orain artekoak ez duela gehiegi balio, ez badute hurrengo partiduan irabaztea lortzen: “Oso pozik gaude, baina konziente gara iraganak ez duela ezertarako balio. Egunean egunekoa egin behar dugu eta ongi”. Hala ere, motibazioz eginen diote aitzin biharko neurketari, talde gaztea izanik ere, badakitelako neurketa honetan garaipena eskuratzeak sailkapeneko lehen postuetan egoteko aukera emanen dietela: “Partidu hau aspaldian markatu genuen gorriz, badakigulako hemen irabazteak sailkapeneko goialdean egoteko aukera emanen digula”. Gaineratu duenez, “zaila bada ere, konfiantza dugu gure taldearengan eta badakigu oso ongi egiten ahal dugula”. Horrela beraz, gogoz eta ilusioz bidaiatuko dute Leonera, bi puntu horien bila, baita errekorra berdintzeko garaipen horren bila ere.