Porrot egin gabe ailegatu da Irudek Bidasoa Irun lehen etenaldira
2026/11/02
Talde irundarrak 33-37ko markagailuarekin garaitu zuen Abanca Ademar Leon taldearen kontra. Horrela, Nexus Energia ASOBAL Ligako zortzi jardunaldietatik zortzitan nagusitu da, banatu diren puntu guztiak bilduta eta porrotik egin gabe ailegatuz denboraldiko lehen etenaldira. Talde irundarrak bere marka historikoa berdindu du honela, eta sailkapeneko lider da.
Irudek Bidasoa Irunek 33-37ko markagailuarekin irabazi zuen, pasa den larunbatean, Abanca Ademar Leon taldearen kontra. Bidasotarrek zortzitik zortzi garaipen lortu dituzte honela, klubaren marka historikoa berdinduz. Orain arte banatu diren puntu guztiak poltsikoratu dituzte eta beraz, sailkapeneko lider daude, denboraldiko lehen etenaldia hasi berritan.
Alex Mozasen taldea bikain kantxaratu zen pasa den larunbatean Ademar Leonen etxean. Defentsan sendo agertu zen eta jokoari erritmo bizia jarri zion. Horrela, lehen abantaila lortu zuen hamargarren minuturako (6-9), segidan handitu egin zena, 6-11koa lortuz. Etxekoek erantzuna ere eman zioten honi eta aldea murrizten hasi ziren, bidasotarrek erasoak geldituz. 4-1eko partzial onena lortuta, 15nako berdinketa erdietsi zuen Ademarrek lehen zatia bukatzeko bost minutu gelditzen zirenean. Hartu-emanean aritu ziren azken minutu horietan eta azkenean, 19-18koarekin aitzinetik joan ziren etxekoak, zalantzan jarriz Bidasoak hasieran erakutsitako indarra.
Bigarren zatian berriz, talde irundarrak lehen minutuetako nagusitasunari eutsi zion eta markagailua berriz bere alde jarri zuen segidan (24-25, 40. minutuan). Intentsitate handiz jokatu zuten bi taldeek azken ordu erdian eta bukaera bitarte, estu aritu ziren. 29-31koa zuten 50. minutuan eta tentsioa somatzen zen kantxan. Hala ere, bidasotarrek bertze pausu bat eman zuten aurrera eta, kikildu gabe, neurketa beraien alde erabakitzea eragin zuten. Defentsan sendo egonda eta Ademarren erasoak oztopatuz, kontraerasoan gailendu zen Bidasoa eta abantaila handitu zuen neurketa 33-37ko behin-betiko emaitzarekin bukatzeko.
Zortzigarren garaipena segidan lortuta, Bidasoak bere marka historikoa berdindu du, azken urteetako Ligarik onenarena. Marka hori lortuta ailegatu da taldea denboraldiko lehen etenaldira. Taldearen hurrengo partidua azaroaren 14an izanen da, Fertiberia Puerto Saguntoren kontra Artalekun.