Alex Mozas: “Dena jokoan dugula erakutsi behar dugu kantxan”
2026/04/17
Irudek Bidasoa Irunek Horneo Alicante taldea jasoko du bihar, apirilaren 18an, Artalekun (18:30). Denboraldiko azken txanpa hau hil ala bizikoa izanen da talde irundarrarentzat, ASOBAL Ligako txapeldunorde izatea jokoan dagoelako. Barçaren ondotik dauden bertze lau taldeak elkarren oso ondoan daude eta denek dute grina bigarren postuan egoteko. Hori izanen da asteburu honetako helburua Alex Mozasen taldearentzat ere, garaipena eskuratu eta bigarren postuan egotea.
Irudek Bidasoa Irunek Horneo Alicante taldea jasoko du bihar, apirilaren 18an, Artalekun (18:30). ASOBAL Ligako txapeldunorde izatea du Irungo taldeak begiz jota eta denboraldiko azken partiduak final baten moduak izanen dira helburu hori lortzeko bidean. Hala ere, neurketa zaila izanen da bihar etxean jokatuko dute, sasoi onean dagoen taldea etorriko delako bisitan eta ez dituelako gauzak erraz jarriko. Alex Mozasek argi du bere taldeak dena eman beharko duela bertan eta hasieratik erakutsi garipena beretzat hil ala biziko kontua dela.
Logroñoren kontra irabazteak poztasuna ekarri dio Bidasoari, “berriz ere ASOBAL Ligako txapeldunorde izateko lehian sartu” direlako Alex Mozasen hitzetan. Hala ere, hankak lurrean edukitzea garrantzitsua izanen da denboraldiko azken txanpa honetan, eta “modu egonkorrean” aritzea lanean. Horrela aritu dira, hain zuzen ere, azken astean: “Astea aurrekoen nahiko antzekoa izan da. Ukituak zeudenak berreskuratzen saiatu gara eta ongi entrenatu dugu”. Biharko hitzordua garrantzitsua izanen da talde horiarentzat, jokoan dagoena ere horrela izanen delako: “Goian gauden talde guztiak berdinduak gaude eta ez dugu marjen handirik”. Garaipena lortzea beraz, hil ala bizikoa izanen da irundarrentzat.
Alicante hartuko dute bihar Artalekun, Mozasek aipatu bezala, “plantilla ona eta maila altuko jokalariak” dituen taldea. ASOBAL Liga estreinatu dute aurtengoan eta dagoeneko helburu nagusia ere lortu dute, maila mantentzea. Edozein aurkariren kontra puntuak ateratzen ahal dituztela ere erakutsi dute eta, alde horretatik, Bidasoak lana gogotik egin beharko du erronka honi aitzin egiteko: “Jokatzeko moduan aitzinera pausu bat eman du taldeak. Joko zuzena du eta ate ona. Arrazoi nahikoak dituzte edozeini irabazi ahal izateko eta hori bera erakutsi dute aurten. Granollersen kontra bi partiduak irabazi ditu eta Logroñori ere irabazi zion etxean”.
Bidasoak beraz, ahalik eta maila hoberena eman beharko du bihar Artalekun. Azken asteburuetan euren jokoa ezartzea lortu dute eta bide beretik joan nahiko dute oraingoan ere. Entrenatzaileak jakinarazi du “konfiantzaz” daudela eta “partidu ona” eginen dutela “seguru”. “Dena jokoan dugula erakutsi behar dugu segituan”, gaineratu du. Horrela soilik lortuko dituzte jardunaldiko bi puntuak eskuratzea, sailkapeneko bigarren postu gutiziatu hori lortzeko.