Alex Mozas: “Denboraldiko partidurik garrantzitsuenetako bat jokatuko dugu igandean”
Denboraldiko partidurik garrantzitsuenetako bat jokatuko du Irudek Bidasoa Irunek igande honetan, ekainaren 1ean, Angel Ximenez Puente Genilen kontra (18:00). Plenitude ASOBAL Ligako azken jardunaldia izanen da eta final baten modukoa izanen da bi taldeentzat ere. Irundarrek Ligako txapeldunordetza izanen dute jokoan. Andaluziarrek aldiz, maila mantentzea. Bi egoera desberdinetan dauden bi taldeen arteko lehia izanen da, gogorra, zirraragarria eta garrantzitsua.
Angel Ximenez Puente Genil taldea Plenitude ASOBAL Ligako lekua galtzear dago hamabi urteren ondotik. Azken neurketa honetan, etxean, dena emanen dute hori ez gertatzeko eta Alex Mozas entrenatzaileak onartu du zaila izanen dela bertan jokatu beharreko azken partidu hau: “Hiru aldiz joan naiz hara eta ia lehiatu uzinik bueltatu naiz beti. Bidaia ere luzea da eta horren eragina izaten du. Pista txikia da eta jendez lepo egoten da, beti estutzen duena gainera. Plantilla ere oso ona da eta oso ongi lehiatzen dira jokalariak. Hamabi urteren ondotik, ASOBAL Ligan segitzea dute jokoan. Bi helburu desberdin ditugun bi talde gara eta denboraldiko partidurik garrantzitsuenetako bat izan daiteke”.
Andaluziarrek talde ona dutela onartu du prestatzaileak: “Plantilla luze bat dute. Denboraldian zehar fitxaketak egin dituzte eta aldaketak egiteko plantilla handia dute. Lehendabiziko lerroan jokalari anitz dituzte eta defentsan ere sendoak dira. Jende altua dute eta atezain onak. Barietatea dute taldean eta plantilla oso ona. Gainera, maila mantentzeko oso motibatuta daude”.
Bidasoarentzat aldiz, ezin hobe joan den denboraldi bat borobiltzeko aukera izan daiteke Puente Genilen kontrako neurketa. Hala ere Mozasek adierazi duenez, “gertatzen dena gertatuta ere, emaitzak ez du ilunduko taldeak denboraldi honetan egin duen lan ona. Europan dirdiratsu aritu da eta ASOBALen ere lehiakorra izan da”. Inoizko denboraldirik parekatuena izan dela ere aipatu du madrildarrak: “Azken bi urteetan ez dugu izan Liga hain parekaturik. Bigarrenak izan gaitezke, baina baita bostgarrenak ere. Honek ongi hitz egiten du Ligaz, dena parekatu delako. Guztiek irabaz zaitzakete eta guztiei irabazi diezakezu”.
Talde horia prest da igandean bere onena emateko eta denboraldi hasierako helburuak lortzeko. Hala ere, nekea nabatia da jokalarien artean eta entrenamendu lasaiagoak egiin dituzte aste honetan zehar. “Indarrak eskas ditugu eta ongi entrenatzea zaila da. Aurkariak baino hamabi partidu gehiago jokatu ditugu eta hori nabaritzen da, baita bidaiak ere. Zaila da, baina ongi entrenatu dugu astean zehar eta prest gaude azken txanpa honi aitzin egiteko”, gaineratu du entrenatzaileak. Azken neurketa honen prestaketei dagokionez, “tonoa mantentzeko” saioak egin dituztela argitu du Mozasek, “errepasoren bat eta detaileren bat begiratu” batez ere. Izan ere, dena eginda dagoela sinesten du prestatzaileak, hain zuzenen ere, orain arte egindako lanak balioko duela igandean Puente Genilen garaipena eskuratzeko.