Alex Mozas: “Erritmo altua ezarriko dugu kantxan eta xehetasunek erabakiko dute emaitza”

2025/02/24
Bidasoa Irunek Limoges jasoko du bihar, otsailaren 25ean, Artalekun (20:45), EHF European Leagueko Main Round-eko hirugarren jardunaldia jokatzeko. Puntuak batu nahi ditu Irungo taldeak, hurrengo fasera sailkapena errazteko eta zaleen babesarekin garaipenaren bila aterako da jokatzera.
Alex Mozas: “Erritmo altua ezarriko dugu kantxan eta xehetasunek erabakiko dute emaitza”

Bidasoa Irunek Limoges jasoko du bihar, otsailaren 25ean, Artalekun (20:45). EHF European Leagueko hirugarren jardunaldia izanen da eta neurketa garrantzitsua, iraziz gero final laurdenetara pasatzeko txartela poltsikotik hurbil egon daitekeelako. 

Alex Mozas entrenatzaileak neurketaren atariko prentsaurrekoan erran bezala, “biharko partidua denboraldiko garrantzitsuena da”. Izan ere, Limoges kontra bi puntuak irabaziz gero, “final laurdenetara sailkatzeko aukera eduki dezakegu”. Horrela, Bidasoak bihar garaipena eskuratzeko helburu garbia izanen du, nahiz eta lasaitasunez ere jokatuko dute, Mozasek berak aipatu bezala, “dagoeneko final zortzirenetan gaudelako”. 

Pasa den asteartean bi talde hauek elkarren kontra aritu ziren eta beraz, bakoitzaren indargune eta ahulgune guztiak ezagutu zituzten. Prestatzaileak onartu du, “berdinduak” daudela Bidasoa eta Limoges. Bertan, “hobetzeko gakoak zeintzun ziren” ikusi zituztela gaineratu du, baina “hemen agian ez duela horrek balioko”, eurek ere hobetzeko lanean ari direlako. Hala ere, aurkariaren “armak indargabetzeko saiatuko gara”, eta Mozasek konfiantza du lortu dutela ere. 

Neurketak erritmo altua izanen duela ere azpimarratu du: “Erritmo altuan arituko gara eta beraz, defentsan asmatu behar dugu. Horrez gain, eurek egiten dutena kontrolatu behar dugu. Azken minutuetako detaileek erabakiko dute emaitza, talde bakar batek ere ez duelako abantaila argi bat hartuko markagailuan”. Horrela, azken jokaldietara fresko ailegatzeko lanean ari da Bidasoa eta Mozas konfiantzaz dago hori lortuko dutela: “Azken hilabetean ongi lehiatzen ari gara eta errespetuz kantxaratuko gara, baina beldurrik gabe. Pasa den astearteko amorrua erabiliko dugu biharkoari aurre egiteko. Irabazi behar dugu eta horretarako, gure bertsiorik onena erakutsi Artalekun”.

Hain zuzen ere, Artaleku eta bertan egonen diren zaleak partiduaren bertze gakoetako bat izanen dira. “Betea” egonen dela jakinarazi du Mozasek eta jokalari eta zaleen arteko binomioa garrantzitsua izanen dela “aurkaria estutzeko”. Aurrerapusu garrantzitsu bat eman dezake Bidasoak bihar eta helburu horrekin kantxaratuko dira horiak, Artalekuk eztanda egin arte lehiatzera.