Alex Mozas: “Erronka bat da eta ausardiarekin egin behar diogu aurre”
2026/03/06
Irudek Bidasoa Irunek Bada Huesca bisitatuko du gaur, martxoaren 6an, 20:30ean. Kielen kontrako porrotaren ostean dator norgehiagoka, talde irundarra minduta dagoen momentuan alegia. Nekeak eta lesioek nabarmen egin dute gora Bidasoako jokalarien artean eta baldintzatuta kantxaratuko da gaurkoan. Hala ere, ahalik eta talderik lehiakorrena azalduko da, ASOBAL Ligako puntu garrantzitsuak eskuratzeko asmoz.
Irudek Bidasoa Irunek Bada Huesca bisitatuko du gaur, martxoaren 6an, 20:30ean. ASOBAL Ligako partidu garrantzitsu bat izanen da bi taldeentzat, biak ere beharrezkoak dutelako garaipena: talde irundarrak Kielen kontrako porrota iraultzeko eta Aragoikoek berriz, sailkapeneko azken postuetatik ateratzeko. Nekea eta lesioak dira nagusi orain Alex Mozasen jokalarien artean eta horrek baldintzatuko du partiduaren nondik norakoa. Hala ere, dena emateko prest dagoen taldea azalduko da Huescan.
Kielen egotea “esperientzia izugarria” izan dela onartu du Alex Mozas entrenatzaileak, nahiz eta bildutako emaitza ez izan esperotakoa. Bertako pabilioia beterik ikustea ahaztezina izanen dela ere aipatu du, prestatzaileak ez baitu orain artean hainbertze jenderen aitzinean jokatu. Neurketari dagokionez, “akatsak” egon zirela badaki eta taldea ez zela behar bezala aritu, baina hala ere, “harro” dago bere jokalariez, azken hilabetea gogorra izaten ari delako. Hain zuzen ere, ordaintzen hasiak dira dagoeneko hitzordu mordoen momentu hau: “Otsaila hemen nagonetik hilabete okerrena izan da, emaitzei begira, baita lesioei begira ere. Aldi berean, taldetik hurbilago sentitzen naiz orain, jokalariak lagundu nahi ditudalako”.
Huescan arituko da gaur Bidasoa eta taldea baldintzatuta kantxaratuko da, Rodrigo Salinas, Iñaki Pecina eta Xavi Tua gabe. Horrez gain, Julen Mujika, Unai Barreto eta Gorka Nieto ere minduak daude astearteko partiduaren ondotik. “Jokalari garrantzitsuak dira, baina saiatuko gara talde lehiakorra osatzen”, azpimarratu du Mozasek. Jubenilen laguntza izanen dute horretarako, Kielen gertatu zen bezala, eta alde horretatik pozik dago madrildarra, jokalari gazteek emandako aurrerapausuagatik.
Zailtasunak gainditzea egokitzen zaio orain taldeari eta Aragoikoen kontra aritzea “erronka bat” izanen dela argi du entrenatzaileak beraz, “ausardiarekin aurre egin” beharko dio orain taldeak gaurko partiduari. Mozasek zaleek esfortzu hau baloratzea eskatu du, “beraien ahal duten guztia ematen ari direlako neurketak aitzinera eramateko”.