Alex Mozas: “Hemendik denboraldia bukatu bitarte izanen dugun irteerarik zailena da”
Bidasoa Irunek Balonmano Cuenca bisitatuko du larunbat honetan, martxoaren 1ean, 19:00etan. Plenitude ASOBAL Ligari segida emanen dio talde horiak, bertan izanen direlako denboraldi bukaeran opari hoberenak. EHF European Leagueko final laurdenera sailkatu ondotik, prestaketa handirik gabe, indar guztiarekin bisitatuko dute Alex Mozasen jokalariek Cuencako kantxa.
Astearte arratseko ajea oraindik pasatu gabe du Bidasoak. Hala ere, “errealitatera itzuli” behar direla argi du Alex Mozas entrenatzaileak. Izan ere, “Liga da garrantzitsuena, bertan lortzen baita asteartekoa bezalako bertze arratsa batzuk”, Mozasen erranetan. Gainera, erronka berri bat du talde horiak aitzinean. Cuenca bisitatu duten azken zazpi alditan, porrotarekin bueltatu dira bidasotarrak eta dinamika hau eten nahi dute larunbatean.
Taldea ez dago bere egoera onenean, Mozasek jakinarazi duenez, “minduta eta nekatuta” daude jokalariak. Asteartekotik berreskuratu behar dute egun gutitan eta horrek taldea “desabantailan” uzten du, nahiz eta entrenatzaileak ez duen aitzakiarik jarri nahi. Aurkaria maila handiko taldea dela ere onartu du: “Cuencara joatea egoera desberdinak prestatzea dakar, han arazoak izaten ditugulako. Defentsan oso indartsuak dira, kontaktu askorekin eta gogorra, erasoa zailtzen duena. Bertzalde, erasoan, bigarren lerro ona dute. Jaurtitzaile onak dituzte eta jokalariak moldakorrak dira”.
Alex Mozasek larunbat honetako “denboraldia bukatu bitarte izanen dugun irteerarik zailena” izanen dela argitu du. Zaleek ongi estutzen dute bertako kantxa txikian, baina Bidasoak argi eduki behar du zein den bere helburua. “Nahiz eta egoera eta testuingua ez izan onena, neurketak garrantzia handia du”, azpimarratu du entrenatzaileak. Sailkapeneko goiko aldean mantentzeko, ezinbertzekoa izanen da garaipena eskuratzea, etorkizunera begira Europako Txapelketako bertze arrats politak bizi ahal izateko.