Alex Mozas: “Joko ona erakutsi dugu eta konfiantzaz gaude
2026/04/30
Irudek Bidasoa Irunek Tubos Aranda Villa de Aranda taldea hartuko du larunbat honetan, maiatzaren 2an, Artalekun (16:30). Azken asteburuan lortutako garaipenak konfiantza eman dio taldeari, denboraldiko azken txanpa honetan dituen helburuak gertu daudela sinisteko. Aurkariak ere, Granollersen kontra, puntu garrantzitsuak batu zituen eta honek ere indarra emanen dio Artalekura joateko eta zaleei behar bezalako ikuskizuna eskaintzeko.
Irudek Bidasoa Irun konfiantza osoz kantxaratuko da larunbatean, maiatzaren 2an, Artalekun (16:30). Tubos Aranda Villa de Aranda hartuko du etxean, garaipen bat lortzetik datorren taldea. Hauek ere, beraz, indarrez daude denboraldiko azken txanpa honetan eta, elkarrekin kontra aritzean, ikuskizun ederra bermatua dute zaleei eskaintzeko. Bidasotarrek eskura dute ASOBAL Ligako txapeldunordetza eta horren bila joanen dira jokatzeko gelditzen zaizkien azken final hauetan. Azken asteburuan lortutako puntuak eta erakutsitako jokoak “konfiantza” eman die horretarako, Alex Mozas entrenatzaileak aitortu duen moduan, nahiz eta aurrez aurre, modu berean sentitzen den taldea izanen duten.
Momentuan momentukoa pentsatzen saiatuko da talde irundarra azken asteburu hauetan: “Ezin dugu gehiegi bertzeengan pentsatu. Goiko postuetan dauden taldeek galtzea hobea da guretzat, Granollersekin pasatu zen moduan. Baina ez dakigu garaipen horrek Arandari eman diona zer den. Izan daiteke lasaiago etortzea, presiorik gabe, eta hori ona izatea guretzat, ez daudelako larritasun batean. Baina izan daiteke horrek ere beraiei on egitea. Guretzat azken asteburuko emaitza ona izan zen eta espero dugu hau ere ona izatea”.
Gakoa zein den ere argi du Mozasek, “defentsan sendo ibiltzea” eta “pausu bat aurrerago egotea”. Arandan txandakatze handia du eta jende ona lehen lerroan ere. “Kontraerasoetan gola lortzen lehen da, Barçaren ondotik, eta bloke oso sendoa da. Gu hor egon behar gara, maila defentsibo ona erakusten eta azken asteetan gol galera gutien dinamikan”, gaineratu du entrenatzaileak. Azkenik, “aurrez aurreko egoeratan sendo” aritzea ere izanen da garrantzitsua etxeko zaleentzat.
Bidasoak bi puntura du sailkapeneko bigarren postua eta lau partidu ditu hori lortzeko. Eskura du denboraldiko helburu nagusia eta horren bila, konfiantzaz eta lasai, joanen dira bihartik aitzinera.