Alex Mozas: “Momentu on batean gaude eta partidu hau aitzinera atera behar dugu”

2025/10/13
Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Multzo Faseari hasiera emanen dio bihar, urriaren 14an, Errumanian (18:45). AHC Potaissa Turda taldea bisitatuko dute lehen jardunaldi hori jokatzeko eta partidu gogorra izanen dela aurreikusi dute bidasotarrek. Hala ere, ASOBAL Ligan garaipen bat lortzetik dator taldea eta beraz, Multzo Fasea ongi hasteko prest dagoela sinetsita daude.
Alex Mozas: “Momentu on batean gaude eta partidu hau aitzinera atera behar dugu”

Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen jardunaldia jokatuko du bihar, urriaren 14n, AHC Potaissa Turda taldearen kontra (18:45). Bidasotarrak goizaldeko 4:30ean abiatu dira gaur Errumaniara eta bertan izanen dira ortzeguna bitarte, ortziralean, Nexus Energia ASOBAL Ligaren barrenean jokatuko den Barçaren kontrako partidua prestatzen. Multzo Faseko lehen puntuak eskuratu nahi ditu taldeak, dinamika onari segida emateko, baina partidu gogorra izanen dela ere argi dute. 

Alex Mozas entrenatzailea gogoz dago Europako Txapelketara bueltatzeko, nahiz eta Multzo Fasearen gogortasuna ezagutu. Izan ere, Potaissa Turda lehen aurkaria talde gogorra da: “Aurkari engainagarria izanen dugu aitzinean. Etxean ongi aritzen den taldea da eta jokalari oso onak ditu, maila altukoak. Fisikoki ere gogorrak dira eta beraz, badakigu partidua fisikoa izanen dela”. Taldea biharko neurketara bere onenean ailegatzeko, pasa den ortziralean jokalari bat gorde zuen Bidasoak eta hori positibotzat jo du entrenatzaileak. 

Gakoa, betiko moduan, defentsan egonen da talde irundarrarentzat. Mozasek jakinarazi du talde errumaniarra “defentsan gogorra dela, baina erasoan ere”. “Erdilari on bat dute taldea ongi gidatzen duena eta hegalean eta pibotean ere ongi moldatzen dira”, gaineratu du. Honi guztiari, atezaina gehitu behar zaio, “beteranoa” dena entrenatzailearen hitzetan. Beraz, “talde oso konpletoa” dutela onartu du prestatzaileak eta “bataila gogorra eta polita” izanen dela biharko. 

Honi aurre egiteko, Bidasoa bere momentu onenean dago. Emaitza positiboak batzen ari da eta hau lagungarria izanen da Europan ere itxura ona emateko. San Rafael taldea izanen dute bidasotarrek aurkari nagusiena, multzoko faboritoa alegia. Beraz, bihartik aitzinera Alex Mozasen taldea sailkapeneko bigarren postuaren bila joanen da.